Andoni Amonarraiz Zerbitzuetako zinegotziak azaldu du bonobusaren inguruko Udalaren postura, Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa ohar batean. Bere hitzetan gaia nahiko isilean daramakite ´baina buila gehiago egiteagatik ez da lan gehiago egiten`. ´Garraio publikoaren arazoa ez da 2003an sortu, urteak dira jasaten dugula eta uste dut hau dela gaiarekin sentsibilizatu eta Diputazioarekin kontaktuak hasi dituen lehen korporazioa` azpimarratu du zinegotziak.
Bilete bakarra Gipuzkoarako
Udalak dio Elkartzenekin eta Garayarrekin bilerak izan ostean Diputazioari formula bat proposatu zitzaiola bonobusa jartzeko: Garayarrek makinaria jartzea eta mantenimendua bere gain hartuko luke eta Diputazioak eta Udalak ordainduko lukete gainerako kostua. ´Diputazioaren erantzuna izan zen defizita ezin zuela bere gain hartu eta Gipuzkoa osorako bilete bakarra jartzea aztertzen ari zela` Amonarraizek jakitera eman duenez. Horren inguruan nabarmendu du Diputazioa ari dela bilatzen modua erabiltzaile batek Gipuzkoa barruan trasbordoa egin behar duen aldiro biletea ez ordaintzeko, eta horrek onura izango lukeela Hernanitik Donostira autobusa hartu eta han beste autobus bat hartu behar dutenentzat. Udalak hori baino gehiago lortu nahi duela dio Amonarraizek ´guk bilete normala merketu nahi dugu, baina, Diputazioaren konpetentzia da. Udalak lagundu behar du, baina ez gaiaren ardura duen administrazioa ordezkatu, osasungintza eta errepide nagusiak subentzionatzen ez dituen bezalaxe`.
Bukatzeko Zerbitzuetako zinegotziak dio Garayarrekin beste bilera bat izan dutela eta orain Elkartzen taldeari deitzea falta zaiola, ´lan talde bat sortu eta formula bat bilatzeko Diputazioak proiektu honetan esku har dezan`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!