´Itxura ona eduki arren, mina dela-eta ez gaude ia ezertarako ere`

Kronika - Erredakzioa 2005ko mai. 12a, 02:00

FIBROMIALGIA eta Astemia Kronikoaren Nazioarteko Eguna da gaur eta gaixotuek osatutako elkarteek aldarrikapenak egingo dituzte. Hemen inguruan Donostian izango da aukera eta eskatuko dute Euskal Herrian zentro bat jartzea gaixotasun honetan espezializatua. Kronikak Mirari Garciarekin hitz egin du gaixotasun honekin nola bizi den galdetzeko.

Zein eragin du gaixotasun honek osasunean? Gaixotasun kronikoa da, beti minez ibiltzen gara eta gainera ez da beti leku berdinean izaten: lepoan, buruan, besoetan, aldaketan eta hanketan mina sentitzen da. Tendoietako mina da, ez da hezurretako ezer. Resonantziak egiten badizkigute ez digute ezer ere harrapatzen. Gaixotasun hau harrapatzeko gorputzak dituen 18 min-puntuetara jotzen dute medikuek. 18 puntu hauetatik 11etan mina izan ezkero gaixotasun hau diagnostikatzen dizute. Lo ere ez da ondo egiten. Gaixotasun hau diagnostikatzea ez da erraza izaten beraz... Nik badakit gaixotasuna dudala baina batzuek urteak eman dituzte gaixotasuna diagnostikatzea lortu arte. Itxuraz ere ondo gaudela ematen du eta hori askotan arazoa izaten da, jendeari ondo ez zaudela gogoratu arazi behar baitiozu. Jendeak ondo egongo bageunde bezala tratatzen gaitu eta askotan ez gaude lanera joateko ere. Goizean ondo jaiki ezkero eguerdira arte agoanta daiteke, baina ohetik gaizki jaiki ezkero ez gaude ezertarako ere. Minusbalia edo inkapazidaderik ematen al dute horrelakoetan? Ni orain bajan nago, Hernaniko Haur Eskolan egiten dut lana, Transpakarren. Minusbalia badut, baina, inkapazidadea ez. %33ko minusbalia onartu zidan Diputazioak baina horrek eguneroko bizitzan ez du ia eraginik. Minusbalia mota horrek zergetan desgrabatzeko balio du. Inkapazidadea Madriletik jaso beharko nuke eta horrek pentsio bat jasotzeko aukera ematen dizu, ez baitzaude lanera joateko. Ze medikuk tratatzen zaituzte? Reumatologo eta traumatologoekin ibiltzen gara batez ere. Hala ere psikologo eta psikiatrekin ere ibiltzen gara. Ez dago gaixotasun honetarako mediku jakin bat eta atzera eta aurrera ibili behar izaten dugu. Eskatzen duguna da Euskal Herrian zentro bat jartzea gaixotasun honetan espezializatua. Alicanten badago bat, han inguruan gai honetan aurreratuago daude eta gehiago aztertu dute. Hemen oraindik ez dago ezer ere. Firma biltzen ari gara eta Hernanin utzi ditugu orriak hainbat lekutan. Ba al dago tratamendurik? Antidepresiboak, lo egiteko pastillak, lasaitzeko pastillak eta horrelakoak hartzen ditugu baina ez dago gaixotasuna sendatzeko tratamendurik. Zer egin daiteke hobeto sentitzeko? Yoga eta Tai-Chi egiteak laguntzen du eta oinez ibiltzeak eta igerilekura joateak ere bai. Donostiako Hidra zentroan gaixotasun hau dutenentzat ikastaro bat dago, ura 32ºCetara jartzen dute eta ariketak egiten ditugu relajatzeko. Photo Dome izeneko makina bat ere badago, ni Tolosara joaten naiz, eta horrek ere asko laguntzen du mina lasaitzen. Janariarekin norberak ikusi behar du, teoria asko baitaude eta norberak ikusi behar du zerk egiten dion kalte.

Gaurko deialdia Eguerdiko 12:00etan giza katea aterako da Donostiako Boulebardetik eta bukaeran manifestua irakurriko dute zentro espezializatua jartzearen alde. informazio gehiago nahi duenak Bizi Bide elkartera jo dezake. Bulego bat dute Donostian Sauce Plazan eta telefonoa dute 943 46 93 86. Asteazkenero biltzen dira bertan arratsaldeko 17:00etatik 19:30etara.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!