Angel Olaranen lana babesteko ‘Jangela Solidaria’ jarri dute martxan

Kronika - Erredakzioa 2005ko mai. 10a, 02:00

ANGEL Olaran misiolari hernaniarraren lana babesteko Jangela Solidaria jarri dute martxan hainbat boluntariok. Angel Olaran duela 13 urte joan zen Wukrora eta besteak beste bertako umezurtzekin ari da lanean eta hauentzat janaria ere lortzen saiatzen da. Imanol Apalategi, Medicus Mundiko zuzendari izandakoak eta Jangela Solidaria proiektuaren bultzatzaileak, adierazitakoaren arabera helburua da Wukron bizi diren 500 umezurtzi jaten emateko adina diru bildu eta Angel Olarani bidaltzea. Horretarako jendearen diru aportazioak bildu nahi dituzte. Proiektuaren aurkezpena datorren asteartean, maiatzaren 17an egingo dute Hernanin. 1.200 umezurtzen ardura Apalategik dio gero eta haur gehiagoren ardura ari dela hartzen Angel Olaran: ´2002ko irailean 300 haurretaz arduratzen zen, gaur egunean 1.200 haurrekin dabil. Oso zaila da gosez dagoen ume bati ezetz esatea, hala ere diruz mugatuta dabil eta noizbait moztu egin beharko du`. Etiopian, gerra, IHESA eta pobrezia dela eta umezurtz asko daudela adierazi dio Kronikari Apalategik eta egunero munduan 30.000 haur hiltzen direla ere bai, gehienak gosez. Honen aurrean ezer egin gabe ezin daitekeela egon dio Apalategik eta ´gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten herriekin daukagun ardura dela-eta, arrazoi etiko eta moralengatik` elkartasuna adierazi nahi dutela azaldu du. ´Arraia eman beharrean arrantzatzeko kaña eman` Imanol Apalategiren iritziz horrelako proiektuek ez dute hainbat jenderen babesa jasotzen uste delako ´arraia eman beharrean arrantzatzeko kaña eman behar zaiela janaria behar dutenei`. Apalategiren ustez jendeak pentsatzen du gauzak erraz konpontzen direla: ´globalizazioa eta multinazionalen indarra dela eta sekulako trabak daude eta orden internazional guztia aldatu beharko litzateke hori posible izateko`. Horrekin batean dio haur horiek janaria orain behar dutela eta ez bihar.
Laguntza nola eman Jangela Solidariari babesa eman nahi dionak honako aukerak ditu: www.jangelasolidaria.com web orrian sartzea, Medicus Mundi-ko 943 404740 telefonoaren deitzea edota datorren asteko aurkezpenera joatea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!