Txalaparta ikasteko informatika programa eta txalapartari buruzko erakusketa aurtengo nobedade

Kronika - Erredakzioa 2005ko mai. 11a, 02:00

Txalaparta Festa maiatzaren 19tik 21era egingo da Hernanin eta bizkar hezurra betikoa badu ere, baditu sorpresa bat edo beste. Oraintxe azken ukituak ematen ari diren programa informatiko bat banatu nahi dute, Juan Mari Beltran antolatzaileak Kronikari esan dionez. Programa informatiko hau aintzindaria da txalaparta munduan eta txalaparta ikasle eta irakasleentzat da egokia Beltranen hitzetan. 100 erritmo oinarri ditu programak eta nahi adina sortzeko aukera. Programa osatzen ari dira oraindik eta ez da segurua Txalaparta Festarako bukatzea.
‘Euskal Herriko Bihozkada’ erakusketa Biterin Biterin Txalapartari buruzko erakusketa egongo da maiatzaren 19, 20 eta 21ean. Euskal Herriko Bihozkada izeneko erakusketak panel batzuk izango ditu azalpenekin, txalapartarekin lotutako tresna mordoa, eta programa multimedia bat, Baionako Informatika Fakultateko ikasleek egina. Multimedia honek bideo, txalaparta grabazio eta abar ditu eta erabiltzaileak berak aukeratu lezake zer ikusi edo entzun nahi duen.

Hiru emanaldi eta talde ugari Txalaparta festaren barruan hiru emanaldi nagusi izango dira. Ostiralean, maiatzak 20, Zuhaitzaren soinu kolektiboa urretxuar taldea ariko da Biterin. Doinu tradizional eta gaur egunekoak joko dituzte, dantzari, trikitilari, akordeoi jole, dultzaina jole eta abarrek lagunduta. Ostiralean gauean, berriz, Txalaparta party aparta izango da Kixkal tabernan: esperimentu moduan hasi zen emanaldia ezinbesteko bihurtu da txalaparta festan. Emanaldi nagusia, berriz, larunbatean izango da afalondoan Tilosetan. Txalaparta talde ugarik hartuko du parte, tartean Ttakun ttan ttakun Hernaniko taldeak.



TXALAPARTA FESTAKO EGITARAUA Maiatzak 19, osteguna l Euskal Herriko bihozkada. Txalaparta erakusketaren aurkezpena. Arratsaldeko 19:30etan Biterin. Erakusketa 19, 20 eta 21ean. Maiatzak 20, ostirala l Zuhaitzaren soinua kolektiboa. Txalaparta emanaldi berezia. Urretxuko Zuhaitzaren Soinua Kolektiboaren eskutik. Arratsaldeko 19:30etan, Biterin. l Txalaparta party aparta. Txalaparta eta disko emanaldia. Gaueko 24:00etan Kixkalen. Maiatzak 21, larunbata l Txalaparta erromeria. Txalaparta saio librea eta sagardo banaketa. Hernani Musika Eskolako alboka, dultzaina, trikitixa eta txistu taldeekin kale buelta. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Tilosetan. l Herri afaria, bertsolariak eta txalaparta jaialdi nagusia. 21:00etatik aurrera Tilosetan. Txalaparta jaialdi nagusian izango dira: Zuaznabartarrak eta Goikoetxeatarrak, Lapurdiko Zur ta Harri txalaparta taldea, Kaskanteko Txalapartarik txalaparta-txotxongillo taldea, Gasteizko Txalapunk txalapartariak, Hondarribiko Tukutun txalaparta taldea eta Hernaniko Eskolako Ttakun ttan ttakun taldea. l Txalaparta merkatu txikia. Tilosetan merkatua jarriko dute grabaketa, bideoeta bestelako materialarekin.
(Euria egiten badu, larunbateko ekintza guztiak Elizatxo Ikastolako patioan egingo dira).
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!