Hernanik 2-5 irabazi zuen atzo eta promozioa jokatuko du seguru

Kronika - Erredakzioa 2005ko mai. 8a, 02:00

HERNANIK 2-5 irabazi zion atzo Intxaurrondo taldeari, ligako azkenaurreko partidua, ondo jokatuta. Donostiarrak aurretik joan ziren lehen zati ia guztian, baina, deskantsurako bost minutu falta zirela Portillok gol dotorea sartu zuen. Oraindik partidu gogorra izango zela ematen zuen baina, hurrengo minutuan bigarren gola sartu zuen Urbanok. Hortik aurrera, bigarren zati osoan hernaniarrak gehiago izan ziren, eta Gomez, Portillo eta Urkok sartu zituzten beste hiru golak. Hernaniarrek behar zuten horrelako garaipen bat, azken aldian emaitza kaxkar asko izan baitituzte jarraian. Hernaniarrak bigarren geldituko dira ligan eta promozioa jokatu beharko dute Gorengo mailara igotzeko. Denboraldia bukatzeko Urnietaren kontra jokatu behar du datorren astean Hernanik baina, partidu horrek ez du ezer erabakiko. Behar zuten emaitza Ligako partidu inportanteenetakoa zen atzokoa Hernanirentzat, irabazita, promozioa jokatuko baitu. Gorengo mailara igotzeko bi aukera zituen Hernanik: ligako lehenengo postuan gelditu eta zuzenean igo; edo bigarren postuan gelditu eta promozioa jokatu. Lehenengo postuan egon da Hernani ia denboraldi guztian baina, Idiazabalek postu hori kendu zion orain dela gutxi, eta bera izango da zuzenean Gorengora igoko dena. Hernaniarrek promozioa jokatu beharko dute. Seguru asko Aierru taldearen kontra jokatuko dute baina hori ez da oraindik ziurra.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!