Eguraldia lagun, jende asko ibili zen atzo herriko Kaxkoan ‘Antziñako Periak’ izeneko merkatua ikusten. Komendianteak, tailerrak eta hegazti harraparien erakusketak arrakasta haundia izan zuten.
GIRO bikaina izan zen atzo egun osoan zehar Kaxkoan, bertan ospatu baitzen Antziñako Periak merkatua eta askoren ustez Hernani egun batez Erdi Arora bueltatu zela zirudien. Haurrak eta helduak; jendetza ugari bildu zen Kale Nagusian, Kardaberaz kalean eta batez ere Plazan. Bertan jarri zituzten postuak, jendeak ikusteko edo zerbait erosteko.
Goizean goizetik
Merkatua egin behar zen inguruan, goizean goizetik nabaritu zen mugimendua eta mailu hotsak, artisauak postuak jartzen aritu baitziren lehendabizi. Bizkorrenek aurreko gauean jarri zituzten beren postuak. Kalean belarra bota zuten eta udaletxeko balkoitik tapiz haundi bat jarri zuten zintzilik, aintzinako moduan. Arkupetan ere bazegoen artisau posturik, itzalean.
Izan ere, eguzkiak ederki berotu zuen atzokoan eta eguraldia izan zen eguneko beste protagonista. Askoren egarria asetzeko bazegoen zer edana eta zer jana, pintxoak eta edariak saltzeko tokietan.
Artisau produktu asko
Denetatik ikusi zitekeen Erdi Aroko merkatuan, eskuz egindako panpinak, pitxiak, jateko produktuak, jostailuak, egurrez egindako apaingarriak, loreak... Jendea gustora ibili zen goiz pasa edo arratsalde pasa egiten.
Hernaniko merkatariak. Udalak dei egin zuen merkatariek parte hartu zezaten Antziñako Periak azokan. Horietako batzuk denda atariak Erdi Aroan baleude bezala apaindu zituzten eta garai haietako jantziekin mozorrotu ziren. Plaza Berritik beherako bizilagun batzuk keja ziren hortik behera ez delako ezer antolatu eta hura ere Kaxkoa dela adierazi zioten Kronikari.
Magoa arkupe txikian. Magiarentzako leku txiki bat ere izan zuen atzoko merkatuak. Udaletxeko arkupe txikian mago bat haurrak eta helduak zirikatzen ibili zen, bere jokoekin eta esaldi xelebreekin. Magoak, leku hartan txabola moduko bat jarri zuen, ukenduak eta magia jokoak saltzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!