Iraskaskuntza ereduak Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2005ko mai. 7a, 02:00

Gaur egungo gazteok eta gure gurasoak oso irakaskuntza eredu ezberdinetako seme-alabak gara. 60. hamarkadako eskolak (gure gurasoak haur zirenekoak) ez du zerikusirik 80. hamarkadan guk ezagutu dugunarekin. Bi irakaskuntza eredu hauetara hurbilduko gara Dobera Sariako II. Edizioko azken atal honetan. Artikulu honetako sei elkarrizketatuek erraztuko digute honetarako bidea, Elizatxo, Urumea, Inmaculada eta Langileko ikasleak, eta Urumea eta Langile ikastoletako bi irakasle.

Frankismo garaiko eskola `Los enemigos de España son siete: liberalismo, democracia, judaísmo, masonería, marxismo, capitalismo y separatismo vencidos en la Gran Cruzada` (Catecismo Patriótico Español, 348. orria) horrelako esaldiak errepikatu behar izaten zituzten behin eta berriz frankismo garaiko eskola ezagutu zuten haur eta gazteek. `Enciclopedia Alvarez` zeritzana izan zen 1954tik 1966ra zortzi milioi eskola-ume baino gehiagoren testu liburua. Testu liburu hau zen Hernaniko Eskola Publikoan, `Biterin`, Monjetan, Arriatsu, Jauregi, Pagoaga eta Ereñozuko auzo eskoletan erabiltzen zena. Oinarrizko liburu honetan askotariko gaiak lantzen ziren; Historia Sakratua, Gaztelania, Aritmetika, Geometria, Geografia, Espainiako Historia eta Natur Zientziak. Ikasgai hautaz gain bazegoen liburuaren azken orrietan haurren heziketa politiko sozialera bideraturiko atal bat. Haur eskoletan neska eta mutilak batera egoten ziren, baina lehen hezkuntzara iristean banatu egiten zituzten. Ikasgai batzuk komunak ziren arren baziren bereziki neskentzakoak, `laboreak` egiten zituzten, arratsaldetan gehiena zen josi edo markatu eta horrelakoak, eta gero josten genuen bitartean norbaitek irakurtzen zuen, eta beno ni gogoratzen naiz hori `Vidas de Santos`, `Vidas Ejemplares` eta hola. (Langileko irakaslea). Etengabeko errepikapena eta memorizazioa ziren irakaskuntzarako ohiko bideak, guk gauzak geneuzkan ikasteko, hori zen dena, ikasi-ikasi eta memoriaz gainera, baina gauzen logika ez zen argitzen. Kopiaketak egiten genituen, idazten ziguten koadernoan esaldi bat eta guk orri osoan zehar kopiatu behar genuen, `Neron fue un monstruo de la humanidad` esaldia adibidez. (Urumeako irakaslea). Biderik erabiliena hau bazen ere II. Errepublikatik jaso zuen baita eskola frankistak abestien bitartez ikasteko joera ere, dos y dos son cuatro, cuatro y dos son seis, seis y dos son ocho y ocho dieciséis. Zigorrak eta sariak Ikasgeletan irakasle eta ikasle arteko harremanak oso hierarkizatuak izaten ziren. Haurrak informazio iresle soilak ziren eta irakaslearen autoritatea ez zen inoiz zalantzan jartzen, sarritan galderak egiteko ere beldur izaten ziren haurrak, de la misma manera que el padre ostenta la autoridad en el seno de la familia, el maestro, por delegación del padre, la representa en la escuela, y el jefe, en el taller. Es natural que así sea, por que tanto la escuela como el taller son verdaderas prolongaciones de la familia donde se procura nuestra formación moral y se nos enseña a ser hombres de provecho. (Enciclopedia Alvarez, 597.orria). Ikasleen arteko ezberdinketak ere oso nabariak ziren. `Probetxuzko` pertsona izateko bidean ikasleen arteko konpetentzia bultzatzen zen, zerrenda bat zegoen gelako lehenengoa eta azkena ageri ziren. Honen arabera notak ematen zizkiguten bataz bestekoa `bikain` bazenuen notak gorriak ziren, `oso ongi` urdina, `eskas` berdeak, eta `oso eskas` beltzak. (Urumeako irakaslea). Sari eta zigorren sistema erabiltzen zen irakaslearen autoritatea mantentzeko, arau-haustearen arabera zigorra ezberdina izaten zen, zigor bat oso itsusia zegoen, egiten genuen gauzarik grabeena zen hitz egitea, eta orduan, batzuk ziren oso hiztunak eta gainera ez zuten lanik egingo ziur aski, eta zegoen mingain handi bat, eta babero moduan hori jartzen zioten eta ni gogoratzen naiz, eta denak esanez `habladora, habladora`, segun zenentzat oso lotsagarria zen. (Langileko irakaslea). Ikastolen sorrera Frankismo garaian ikasle izandakoek 70.hamarkadatik aurrera irakasle bezala Hernaniko eskola ereduetan aldaketak bultzatu nahi izan zituzten. Inmaculada eta Eskola Publikoez gain (Gay-Mur eta Gabriel Zelaia) beste ikastetxe berri batzuk sortu ziren Hernanin, hala nola, Urumea eta Langile. Urte batzuk beranduago Urumean emandako banaketa baten ondorioz sortuko da Elizatxo. Aldaketa nabarmenak eman ziren arren hainbat ikastetxeetan oraindik ere mantendu egiten ziren aurreko ereduetatik jasotako hainbat `tradizio`. Adibidez, Inmaculadan egunean bi aldiz errezatzen zuten, egunean bitan errezatzen genuen, goizean klasea hasi aurretik eta arratsaldean berdin. 8. maila arte egin genuen hau. `Mariaren Astean` sarri joaten ginen eskolako kaperara, pozik hartzen genuen klasera joan beharrik ez genuelako. (Inmaculadako ikaslea). Metodologian ere aldaketak Ikastolak izan ziren hezkuntzan euskararen normalizazioaren aldeko apustua egin zutenak. Urumeak eta Langilek ibilbide ezberdinak hautatu bazituzten ere, Urumean edukiari, irakatsi beharrekoari, eman zitzaion lehentasuna, Langilen ez zen hain garrantzitsua izan `zer` irakatsi, baizik eta `nola`. Haurraren ahalmen guztiak garatzea zuten helburu. (Urumeako irakaslea). Garai berri honetan ikaslea eta honen beharrak bihurtu ziren irakaskuntzaren oinarri. Hauek bideratzeko esperientzia berritzaileak erabili ziren, Langile Ikastola adibidez Freinet pedagogo frantsesaren eredu partehartzailea, esperimentala eta lankidetzakoa erabiltzen hasi zen, ez genituen testu liburuak erabiltzen, `lan-tratuak` ziren lana antolatzeko modua, talde lan ugari burutzen genituen, eta klasean mahai borobiletan esertzen ginen. (Langileko ikaslea). Gainontzeko ikastetxeetan oinarrizkoak ziren testuliburuak, urtero erosi behar izaten genituen liburuak, boligrafoak, material guztia. (Urumeako ikaslea). Hizpide dugun garai honetan, gure gurasoen garaian ez bezala, eskolako materiala kontsumogai bihurtu da. Jada ez dira liburuak urtetik urtera berrerabiltzen, liburuak behin erabiltzeko eginak daude. Liburuen edukiak nabarmen aldatu dira, baina oraindik ere geratzen da zer aldaturik, orain dela gutxi, bi urte, liburu berri batzuetan ez ziren agertzen emakumeak paper ekintzailearekin. Guztietan bigarren mailako papera ematen zitzaien, edo betidanik `beraienak` kontsideratu diren betebeharrak. Adibidez historiaurrean emakumeak sutondoan agertzen dira janaria prestatzen, ama bezala, eta gizonak ehiztari moduan. (Urumeako irakaslea). Testu liburuen edukiez gain badira egun irakaskuntzan erronka berriak. Batzuen uztez eskolaren esku utzi da haur eta gazteak hezitzearen ardura osoa, agian bai eskolaren eta baita gizartearen papera birdefinitzeko garaia iritsi da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!