Hernaniko Kaxkoa Erdi Arora bueltatuko da gaur ‘Antziñako Periak’ merkatuarekin

Kronika - Erredakzioa 2005ko mai. 7a, 02:00

Gaur ospatuko da bigarren aldiz ‘Antziñako Periak’ izeneko merkatua Hernanin. Kaxkoak inguru ezin hobea eskaintzen du Erdi Aroko girora bueltatzeko eta bertan egingo dute. Merkatua Napar Bideak elkarteak antolatu du, Udalaren laguntzarekin.

DENA prest dago Antziñako Periak merkatua zabaltzeko. Artisauak goizean goiz arituko dira postuak jartzen eta 10:30etan irekiko dira. Azoka herriko Kaxkoan egingo da, Kale Nagusia, Kardaberaz kalea eta Gudarien Plazan, bertan egongo dira artisauak eta bertan egingo dituzte erakusketak. Ez da lehenengo aldia horrelako merkatu bat Hernanira datorrela, orain bost urte ere izan zen bertan. Antziñako Periak Napar Bideak elkarteak antolatzen du. Elkarte hau orain 12 urte hasi zen Erdi Aroko azokak egiten eta Artziniegakoa eta Ordiziakoa dira ezagunenak. Hernanin egingo dutena, Udalaren laguntza izango du.
Erdi Aroan girotua Antziñako Periak Erdi Aroan girotutako merkatua da eta gaur Hernaniko Kaxkoak garai batean izan zuen itxura hartuko du dudarik gabe. Bertako kaleek, plazak eta etxeek Erdi Aroko arkitektura tipikoa mantendu dute orain arte eta horiek guztiak lehenagoko estandarte eta tapizekin dekoratu dituzte. Hernaniko Udalak Kaxkoko merkatari guztiei eskatu die azokan parte hartzeko: eskaparateak Erdi Aroko giroan dekoratu ditzatela eta merkatariak garai haietako jantziak eraman ditzatela. Artisauekin batera, musika eta animatzaileak ere izango dira kalean egun osoan zehar. Jesus Orduna, Napar Bideak-eko arduradunaren hitzetan. Horrekin guztiarekin lortu nahi da Erdi Aroko merkatu bizi bat egitea. Kalitatezko artisautza Napar Bideak-eko bozeramaleek aste honetan egin duten prentsaurrekoan adierazi dute helburua ez dela ahalik eta artisautza postu gehien jartzea, baizik eta postu horien arteko aniztasuna, kalitatea eta itxura ona: ´postu bakoitzari exijitzen zaio produktuak eta postuak berak itxura egokia izatea, jendaurreko agerpena asko zaintzen dugu`, diote. Guztira 50 artisau etorriko dira Hernanira eta postuetan erosi ahal izango dira: belarrak, ogia, eztia, patea, almendrak, ardoa, pastak eta eztia, besteak beste. Maria Angeles Muñoz-en esanetan ´gu gara lehenengo interesatuak produktu horiek kalitatezkoak izan daitezen`. Merkatua adin guztiko jendearentzat izango da, haur eta helduentzat. Haurrek zeramika eta loregintza tailerretan parte hartzeko aukera izango dute eta horretaz gain, mago batek magia jokoak egingo ditu eta kalean daudenak zirikatuko ditu bere jolasekin.
Belatz erakusketa Merkatuaren alderdi ikusgarrienetako bat belatz (halkoi) erakusketa izango da seguruenik. 12-14 belatz ekarriko dituzte eta kalean egongo dira jendeak ikus ditzan: ´belatzak beti erabili izan dira ehizerako eta Erdi Aroan boterearen sinbolo ziren`, diote Napar Bidetik. Bestaldetik animatzaile taldeak hiru aktuazio egingo ditu goizean eta beste hiru arratsaldean. Lehenengoa 11:30etan izango da eta bertan akelarrearekin zerikusi haundia duen antzerki bat egingo dute musikaz lagunduta, antolatzaileek adierazi dutenez.
Bizilagun batzuk keja Bizilagun batzuk Kronikari kejatu zaizkio Plaza Berritik behera ez dutelako ezer antolatu eta ez dutelako dekoraziorik jarri. Azaldu dute bertan ere komertzioa badela eta Plaza Berritik beherako Kaxkoa beti baztertu egiten dela.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!