Gaur ligako azken partidua liderraren kontra: Hernani-NUP. Sailkapena erabakita dago.
Waterpoloko nesken denboraldia azken fasean sartu da. Gaur, igandea, Euskadiko Ligako azken partidua jokatuko dute kiroldegian Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kontra, baina, dagoeneko dena erabakita dago. Iruñeako taldeak irabaziko du liga, eta hernaniarrak zortzi taldetatik bosgarren geldituko dira, denboraldi hasieran espero baino zerbait beheraxeago. Denboraldi bukaera honetan, ordea, erronka gogorra jarri diote beren buruari: Gipuzkoa eta Euskal Herriko Kopak irabaztea. Gipuzkoa Kopa iaz ere irabazi zuen Hernanik eta aurten ere aukera haundiak ditu. Gipuzkoan Hernani eta Donostiako Easo taldea bakarrik daude eta maiatzaren 14an jokatuko dute partidua, Donostian. Euskadiko Kopa, ordea, beste kontu bat da. Hernanik ligan izan dituen kontrario berak izango ditu. Kanporaketak bi partidura jokatuko dira eta lehenengoa pasatzen badu, bigarrengoan hernaniarrek NUPen kontra jokatuko dute. Alde horretatik, biharko partiduak balio psikologiko haundia izan lezake. Gaurko partidurako zaleei kiroldegira joateko eskatu diete jokalari eta entrenatzaileak. Piszina eta gradaren arteko kristalera kendu ezkeroz, jende gehiago joaten da eta askoz giro hobea egoten da partiduetan.
Jendez justu eta luzera nekea
Denboraldia oso fuerte hasi zuen Hernanik, baina, denbora pasa ahala indarra galtzen joan da, urte osoan talde justuarekin ibili delako. ´Partidu batzuetara suplenterik gabe joan gara, eta beste batzuetara ordezko batekin, eta horrela zaila da irabaztea`. Waterpoloan, ordea, ez da dena konpetizioa eta emaitzak: ´berez, waterpoloan ibili eta ondo pasatzeko gaude hemen, eta alde horretatik oso gustora gaude denboraldiarekin`. Miguel Angel Redondo da entrenatzailea eta bera ere pozik dago egindako lanarekin. ´Iaz, taldearen pisua zeramakiten jokalari batzuk utzi egin zuten eta aurten jende berria izan dugu. Oso ondo moldatu dira, baina, denboraldi bukaeran jendez oso justu ibili gara. Klubarentzat igeriketak du lehentasuna`.
Etorkizuna kolokan
Datorren urtera begira, Redondo entrenatzailearen esperantza eta helburua da jokalari guztiek jarraitzea, baina waterpoloko nesken ekipoak etorkizuna kolokan du. Taldeko jokalari batzuk gordin adierazi dute. ´Urtero gabiltza taldea osatu ezinean, eta gainera jende justuarekin nekea haundiagoa da, ezin da huts egin. Azkenean, edo Easorekin elkartu edo ekipoa desagertu egingo da`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!