ELKANO eta Latsunbe kaleetako bidegurutzean gas eskapea izan zen atzo. Hernaniko Udalak adierazi duenez, arratsaldeko 16:30ak aldera gas isuria atzeman zen eta udaltzainek bi kaleak itxi zituzten. Gas usaia nabarmena zen inguruetan. Bitartean gas teknikoak eta suhiltzaileak bertaratu ziren eskapearen jatorria aurkitu eta aberia konpontzeko.
Suhiltzaileek Hernaniko Kronikari adierazi diotenez badirudi isuria kale azpiko tuberia batean izan zela eta ´nahiko haundia` izan zela. Arratsaldeko 18:00ak aldera Hernani osoan gasa moztea erabaki zuten teknikoen lana errazteko. Erredakzio hau ixteko garaian teknikoak isuriaren jatorria kokaturik zuten, baina gasak moztuta jarraitzen zuen herriko hainbat tokitan.
Arazoak trafikoan
Itxitako bi kaleetan trafiko haundia izaten da normalean eta horrek arazoak sortu zituen Hernaniko sarreratan. Auto ilarak Galarreta eta Errekalderaino iritsi ziren momentu batzuetan. Arratsalde erdi aldera kaleak ireki zituzten berriro eta zirkulazioa normaltasunera itzuli zen.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!