LARUNBATEAN, maiatzak 7, Kaxkoko kale eta plazak Erdi Aroko giroa berreskuratuko dute egun baterako. Bertan egingo da Antziñako Periak merkatua, Napar Bideak elkarteak antolatuta Udalaren laguntzarekin.
Merkatuaren aurkezpena egin zuten atzo Biterin antolatzaileek eta larunbateko xehetasun guztiak azaldu zituzten.
Erdi Aroko giroarekin gozatzeko aukera
Prentsaurrekoan, Beatriz Fernandino, Kultura Zinegotziak, Napar Bideak elkarteko kideak eta merkatuaren antolatzaile lanetan aritu direnak aurkeztu zituen, Jesus Orduna eta Maria Angeles Muñoz. Napar Bideak 12 urte daramazki horrelako merkatuak antolatzen bere produktuak ezagutarazteko. Beatriz Fernandinok esan zuen duela bost urte etorri zirela azkeneko aldiz Hernanira merkatua egitera. Ondorenean antolatzaileei pasa zien hitza.
Jesus Ordunaren esanetan asmoa dute koloreak, usaina eta giroa aldaraztea eta ´espazio hori antzerki haundi batean bihurtu, jendeak bertan parte hartu dezan`. Napar Bideak-ko ordezkariak adierazi zuen ´pelikuletako estereotipotan` ez erortzeko ahalegina egin dutela ´lurralde honetan ere gure historia badugulako`, esan zuen.
Kalitatea eta
itxura zaindu
Ordunak azpimarratu zuen merkatuan parte hartzen duten postu kopurua baino gehiago, bakoitzaren ´itxura eta kalitatea` zaintzen dutela eta merkatua ezaguna egin dela Artziniegan edo Ordizian izan duten arrakastagatik.
Maria Angeles Muñoz-ek eskerrak eman zizkion Hernaniko Udalari ´kalitatezko merkatu baten alde` egiteagatik, eta ziurtatu zuen jendeak ondo pasako duela ´benetan ikustekoa den` azoka honekin.
´AINTZIÑAKO PERIAK´ HERNANIN
GUZTIRA 50 artisau inguru etorriko dira Hernanira Larunbatean, gehienak Euskal Herrikoak. Merkatua goizeko 10:30etan zabalduko da eta Kaxkoko kaleak Erdi Aroko oihalekin apainduko dituzte. Udalak merkatariei dei egin die ferian parte hartzeko, eskaparateak dekoratu eta garai haietako jantziak jarriz. Artisau postuetan produktu asko erosi ahal izango dira: eztia, belarrak, pastak, ardoa, ogia, ontziak, gaztak...
Animatzaile taldea
Goizean hirutan eta arratsaldean beste hirutan, animatzaile talde bat ibiliko da herriko kaleetan, erdi aroko musikarekin lagunduta antzerkiak egiten, baita akelarre moduko bat ere.
Artisau tailerrak
Artisau postuetaz gain, hainbat tailer eta ikuskizun antolatu dituzte: zeramika eta lore landaketa tailerra umeentzat; kupelgileak; magia ikuskizunak eta jokoak eta Artziniegatik etorritako perkusio taldea. Gainera hegazti harrapakarien erakusketa bat ere egongo da eta 12-14 belatz inguru ekarriko dituzte Hernanira.