Ez da txistu doinurik falta izan asteburuan Hernanin, lehenengo txistulari jardunaldietan. Larunbatean, Txobito I. Txistulari txapelketa jokatu zen Udaletxean eta paper ona egin zuten hernaniar gazteek. A kategorian, Jon Ansorena Mujika hernaniar gaztea izan zen onena, Julen Baleztena beratarraren aurretik. B kategorian, berriz, Iñaki Palacios gasteiztarra izan zen onena eta bigarren, Peio Irigoien irundarra gelditu zen. Taldekako txapelketan berriz Donostiako hirukotea gelditu zen txapeldun (Peio, Edurne eta Eukene) eta Irungo Txingudi taldea bigarren.
Txistularientzako txapelketak ez dira asko izaten eta Hernanin antolatutako gazteentzako lehen txapelketa honek sortu du ikusmina. Larunbatean erabat bete zen Udaletxeko areto nagusia.
Atzo herrian barrena
Atzo, egun osoan zehar izan ziren txistulariak herrian barrena. Goizean Kaxkoan eta auzoz auzo ibili zen txistulari saila, esna zeudenak alaitu eta lo zeudenak esnatzen. Eguerdi partean, kontzertua eman zuten Udaletxeko arkupeetan, talde desberdinek, bezperan txapeldun gelditutako txistulari gazteek eta denak batera bukaeran. Arratsalde partean ere txistularien emanaldiak izan ziren kalean barrena.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!