Langileen Eguna da gaur eta sindikatuek langileen eskubideen aldeko ekitaldiak antolatu dituzte, Euskal Herrian barrena. Prekarietatea eliminatzea, lan kontratu duinak eta iraunkorrak, lan osasunaren aldeko borroka eta beste zenbait aldarrikapen laboral ordezkari sindikal guztien ahotan dabiltza. Bakoitzak ikuspuntu ezberdin batetik planteatzen ditu, eta horrela defendituko ditu gaur Donostian, Bilbon eta Iruiñean.
LAB sindikatuaren ustez eraikuntza politikoa eta soziala ezin dira elkarrengandik banatu, eta azpimarratu du «langileen protagonismoa funtsezkoa dela Euskal Herri aske, justu eta solidarioa sortzeko». Euskal Herria gorrira ekarri da LABen lema. «Egungo eredu neoliberalak ez du lekurik gaur egunean». Hernaniri begira, Jabier Hernandez Ruiz de Larrinaga, LABeko ordezkariaren hitzetan, sindikatuaren ardatz nagusiak dira azpikontratazioari aurre egitea, lan osasuna eta euskeraren aldeko lana.
CCOO sindikatuaren lemak dio lan fijoa eta segurua etorkizuna dela. Sindikatu horrek sektorekako hitzarmen kolektiboen aldeko apustua egiten du, batasun sindikala oinarri dela. Jesus Uzkudunen ustez, lan mundua aldatu egin da eta gaur egunean ez da nahikoa enpresa haundietan hitzarmen eredugarriak lortzea. «Langile gehienak enpresa txikietan eta subkontratetan daude, eta horri erantzuteko sektoreka markatu eta lortu behar dira baldintza minimo batzuk. Hori egin ezean, dena hankaz gora joan liteke». Hernanira begira, sindikatua indartzen jarraitu, lan osasuna eta euskera ditu CCOOk lehentasun.
ELA sindikatuak Bilbora deitu ditu bere afiliatu eta jarraitzaileak, Irabazteko indarra lemarekin. Iñaki Artetxek prekarietatearen kontra indarra bildu beharra nabarmendu dio Kronikari. Artetxeren arabera, hitzarmen kolektiboak enpresaz enpresa egin eta lotu behar dira, eta hori da borroka eremua. Hernanira begira, ELA sindikatuarentzat komertzioko egoerari heldu eta buelta ematea da lehentasunetako bat, urteak direlako konbenioa berritzen ez dela. Jai egunetan zabaltzeko dekretuaren inguruan iragarri du negoziazio mahaia apurtu dela eta greba izango dela ekainaren 14an.
UGTk ere Donostiara deitu ditu Gipuzkoako afiliatu eta jarraitzaileak, CCOOekin batera egingo duen ekitaldira. Sindikatuak enplegu iraunkorra eta kalitatezkoa erreibindikatuko du gaur, Eskubideak denontzat lemarekin. UGTk ere elkarrizketa soziala aldarrikatzen du langileek baldintza hobeak izateko bide gisa. Hernanirako politika sindikala Donostiatik bideratzen du UGTk, eta helburu orokor horiek Hernanin ere betetzea da bere erronka.
STEE-EILAS eta ESK Iruñean bilduko dira elkarrekin, Takoneran, eta Kapitalismo modernoaren 10 aginduak da aurtengo lema. «Aurtengo Maiatzaren 1ak ere bizi dugun egoera sindikalaren argazkia erakutsiko du. Guretzat hau ez da egoera ideala euskal gehiengo sindikalaren deialdi bateratuarekin gustorago baikeunden». STEE-EILAS eta ESK neokapitalismoaren eraginak salatzea dute helburu eta «oraindik pentsatzen dugu beste mundu bat posible dela» .
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!