BHk dio Hotelaren partez etxeak egitea ´espekulatzaileen aurrean amore ematea` dela

Kronika - Erredakzioa 2005ko api. 29a, 02:00

Bildu Hernani plataformak prentsa oharra bidali du Kronikara, Agustinatan Hotela egitekoa zen orubean etxeak egiteko erabakiaren aurka. Bost puntutan laburbiltzen dute erabakiaren aurkako beren jarrera: 1) ´Agustinatako proiektuaren zutabeetako bat Hotel baten eraikuntza zen eta orain bertan etxebizitzak egiteko erabakia, espekulatzaileen aurrean amore ematea da`. 2) ´Argudio kaxkarra iruditzen zaigu esatea gaur egun inongo enpresak ez duela interesik azaldu hotela eraikitzeko. Gaur ez bada, aurrerantzean egin daiteke, hori baita planeamendu baten helburua: etorkizunerako beharrak aurrikustea eta neurriak hartzea behar horiek asetzeko`. 3) ´Azpimarratzen ari da Turismo garapenaren garrantzia. Egungo Udal gobernu taldeak behin eta berriz aireratu ditu Hernaniko baliabide turistikoak garatzeko dituen asmoak. Erabaki honek erakusten du hitz potolo horiek demagogia hutsa direla`. 4) ´Hernanik bere azpiegitura turistikoa osatu eta haunditu behar du: horrela zioen egungo udalaren enkarguz 2004an burutu zen Turismo garapeneko ikerketak, horrela zioen 2003an LKS enpresak egindako ikerketak. Eta hor dago Chillida Lekuko errealitatea (90.000 bisitari iaz), sagardotegietako mugimendua, Donosti gertu izatea... nahiko argudio badaude Hotelaren prebisioaren alde`. 5) ´Etxebizitzak eraikita Udalak aprobetxamendua jasoko du, baina, arbuiagarria da epe motzera hartutako erabaki hau. Udal baten lana ez da mugatu behar egungo beharrak asetzera, etorkizunera begira ere hartu behar dira erabakiak. Kasu honetan ez da hala izan eta konstruktore batzuen interesak herriaren interesen aurretik jarri dira`. yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!