Hernaniko Topaguneak prentsaurrekoa eman zuen asteartean Biterin, San Joanak bitarte egitekoak dituzten ekintzen berri emateko. Batetik, herriko eragileekin bilerak hastekoak dituzte, presoen eskubideen aldeko idatziaren gainean taldeen iritzia jaso eta inplikazio zuzena eskatzeko. Bestalde, sinadura kanpaina bat martxan jartzeko asmoa ere azaldu zuen Topaguneak. Topaguneak euskal presoen eskubideen alde adostutako testuaren aldeko firma bilketa hasteko asmoa du.
Topagunea urtarrilean jarri zen martxan Hernanin eta herriko zenbait talde biltzen ditu, presoen eskubideen alde.
Hernaniko Topagunearen aldarrikapenak
Frantzia eta Espainiak izan eta erabakitzeko eskubideak ukatzen dizkiote Euskal Herriari. Ukazio horrek sortzen du gatazka. Gatazkaren ondoriozko diren euskal preso politikoek jatorri eta izaera politikoa dute.
Bi ezaugarri nagusi dituzte: Euskal Herriaren alde esparru eta borroka molde anitzez aritu izana eta kartzelan eta kolektiboa osatuta esparru eta molde propio batez aritzen jarraitzeko erabakigarritasuna. Badagokie beraz, euskal prozesu politikoan parte hartzeko eskubidea.
Gatazkak badu konponbidea justizia, demokrazia eta gure herriaren eskubideen errespetuan oinarrituta. Taju horretako konponbideak, ordea, presoen eta gainerako errepresaliatuen egoerak bideratu beharko ditu, Amnistia osoa ondorioztatuz.
Bien bitartean, euskal prozesu politikoan parte hartzeko duten eskubidearen bermea ezinbestekoa da, euskal presoak Euskal Herriratuak izatea.