Hamabost gazte daude Larramendiko Udal maisu-etxeetan bizitzen ´etxe beharrak eraginda`

Kronika - Erredakzioa 2005ko api. 30a, 02:00

Sei pisu okupatu zituzten ´eta lau pareta ziren lokalak bizitzeko moduko etxe bihurtu genituen`. Etxebizitzak erosi eta alokatzeko dauden prezio eta zailtasunak nabarmendu eta salatu dituzte.

Larramendi 14-16ko Udal etxebizitzetako sei, 2003an eta iazko azaroan okupatu zituzten 15 lagunek eta gaur egun bertan bizi dira, Ongintzako arduradunekin akordio moduko batetara iritsita. Bertan bizi direnekin hitz egin du Kronikak eta nabarmendu dutenez ´egoera desberdinetan, baina, etxe beharrak eraginda` erabaki zuten etxe hauek okupatu eta bertan bizitzen jartzea. Gaur egun, berek eta Ongintza bidez bertan etxea dutenak bizi dira Larramendiko lokaletan.
Gaur egungo egoera zaila Bizilagunek Kronikari nabarmendu diote gaur egunean etxebizitza lortzeko zailtasuna: ´erosteko prezioak beldurgarriak dira eta alkilerrekoak ere bai eta gainera, zailtasun haundiak jartzen dituzte inmobiliariek: 2-3 hilabeteko alokairua ordaintzea edo miloi bat pezetako fidantzak adibidez`. Neurri haundi batean horrek bultza ditu Udal etxebizitza hauetan sartzera, Kronikari esan diotenez. Beren ustez eredugarria da egin dutena ´etxe huts batean sartu eta konponduta bizitzeko moduan jartzea`. Bide horretan, diote erakundeek zer ikasi asko daukatela horrelako esperientziatatik, etxebizitzaren arazoari irtenbidea bilatzeko orduan.
Etxe hutsen arazoa Beren hitzetan lotsagarriena da hainbeste etxe huts egotea Hernanin eta hainbeste jende etxebizitzarik gabe: ´harrigarriak dira Hernani eta inguruko beste herrietako etxe hutsen datuak eta badirudi horri ez zaiola erremediorik jarriko eta etxe gehiago egiten segiko dutela, azken finean eskubidea baino gehiago negozioa delako`. Babes ofizialeko etxeak ere zenbaitentzat erremedioa ez direla nabarmen utzi nahi izan dute kide hauek: ´gutako askok lan egiten du, baina, gaur egungo baldintzetan ez gara babestutako etxebizitzetan sartzeko gutxiengoetara ere iristen. Lan baldintzak eta etxebizitza prezioak ez daude parekatuta`, salatu dute.
Egoera desberdinetan Maisu etxeetan sartu direnak ez daude egoera berdinean eta halaxe esan diote Kronikari: badira 40 urtetik gorakoak eta etxerik gabe daudenak; edo familiaren babesik ez dutenak eta 1993a ezkeroztik etxe okupatutan bizi direnak, eta inongo ziurtasunik gabe; edo gurasoekin bizi nahi ez eta etxerik erostera iritsi ezin direnak eta abar.
Larramendiko etxea botatzeko egitasmoa Udalak Larramendiko etxea botatzekoa du eta horrela jakin arazi diote 15 lagun hauei atzo bertan. Udalak agiri baten bidez jakinarazi die uztailaren 31rako utzi behar dutela etxea, Larramendiko bizilagunek Kronikari adierazi diotenez. Agiria atzo bertan jaso zutenez, oraindik zer egin eztabaidatzen ari dira 15 kide hauek, eta Udalari galdetzen diotena da etxetik bota ezkero nora joan behar duten.
´Lau pareta eta zerrikeria bat zena etxebizitza bihurtu dugu, lan asko eginda`
Larramendin bizi diren lagunak ez dira palazio batean sartu, Kronikari esan diotenez: ´etxebizitzak zerri eginda zeuden, batzuk erreta, urik gabe, dutxarik gabe... lau pareta zahar ziren asko. Guk paretak altxa, ura jarri, dutxak jarri, pintatu, suak jarri eta etxebizitza bihurtu ditugu lau pareta horiek, geure poltxikotik eta lan asko eginda`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!