Lehenengo Txistulari Jaialdia egingo da Hernanin asteburu honetan

Kronika - Erredakzioa 2005eko apirilaren 28a

Jaialdiaren barruan ‘Txobito’ I. Txistulari Gazteen Txapelketa izango da larunbatean, udaletxeko areto nagusian eta txistulari taldeen alardea igandean, arkupetan.

DATORREN asteburua txistu doinuz dator Hernanira. Aurten lehenengo aldiz ospatuko da Txistulari Jaialdia eta egitarau oparoa antolatu dute horretarako. Egitasmoa Musika Eskola Publikoko Txistulari Taldeak eta Udal Txistulari Taldeak eraman dute aurrera, Euskal Herriko Txistulari Elkartearekin batera eta Hernaniko Udalak lagunduta.
Aspaldiko asmoa Antolatzaileek Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa ohar batean diote aspaldidanik zutela gogoa ´bertako txistulariek, herrian hain tradizio luze eta berezia duen gure musika tresna honen inguruan zerbait egiteko`. Jaialdiko egitaraua bi atal nagusitan banatu da: larunbatean, I. Txobito Txistulari Gazteen Txapelketa izango da eta igandean, herri ezberdinetako txistulari taldeen alardea entzun ahal izango da. ‘Txobito’ren omenez Antonio Insausti Txobito-k urte asko pasa zituen Hernanin gazteei txistua erakusten. Bera orain hiru urte hil zen. Orain, Hernaniko txistulari gazteenak bildu nahi izan dituzte, txapelketa batetan, Txobito omentzeko. Antolatzaileek faltan botatzen zuten modu horretako txapelketa bat eta beraien hitzetan helburua da: ´gaztetxo hauek txistu-danbolinarekiko duten atxikimendua areagotzea`. Larunbateko txapelketa arratsaldeko 16:30etan hasiko da, udaletxeko aretoan. Parte hartzaileak hiru kategoriatan bereiziko dira: 12 urte arteko bakarlariak; 13-16 urte arteko bakarlariak; eta 16 urte arteko taldeak. Guztira 22 txistulari eta 8 talde arituko dira txistua jotzen. Taldeak honako herritatik etorriko dira: Donostia, Pasaia, Segura, Tolosa, Iruña, Gasteiz, Bera, Irun, Usurbil, Hondarribia eta Hernani. Kategoria bakoitzeko lehenengo bi irabazleek saria izango dute txapelketa honetan. Lehenengoak txapela, oroigarria eta dirua jasoko ditu eta bigarrenak oroigarria eta dirua. Banatuko diren oroigarriak Aitor Ruiz de Egino eskultore hernaniarrak egin ditu zeramikan. Sariak banatu baina lehenago Txobito-ri omenaldia egingo zaio. Igandean txistulari taldeen alardea Txistulari Jaialdiak igandean izango du segida. Jaieko ekitaldi nagusia txistularien alardea izango da. Iruñerritik, Durangotik eta Urretxutik etorritako taldeak Hernaniko txistulari taldearekin elkartuko dira goizeko 10:00ak aldera, herrian zehar kalejira egiteko. 12:30etan txistu kontzertua entzuteko aukera izango da udaletxeko arkupetan. Emanaldian, talde bakoitzak pieza batzuk eskainiko ditu eta ondorenean txistulari guztiak batera arituko dira. Kontzertua ´Gernikako Arbola` joaz amaituko da. Kontzertuaren ondoren, Txistulari Jaialdian parte hartu dutenek bazkaria izango dute Santa Barbara Elkartean. Arratsaldean, txistulariak kalera irtengo dira berriro, kalejirak eta dantza doinuak joaz herriko bazterrak alaitzera.
IÑAKI EGUREN, txistularia eta antolatzailea «Gure aurreikuspenak bikoiztu egin dira»
TXISTUAREN inguruan zerbait egiteko gogoa zenutela diozue. Zergatik jaialdi hau? Orain hiru edo lau urte gabiltza zerbait antolatu nahian, herriko zenbait txistulari. Ikusten genuen Txalaparta Festa, Alboka Eguna eta horrelakoak bazeudela eta txistuak Hernanin beti presentzia haundia izan duenez... Jaialdian ekitaldi ugari daude: txapelketa, alardea... Zerbait berezia egin nahi genuen, ez beste Txalaparta Festa bat edo Donostiako Alarde bat, zerbait ezberdina. Txapelketak ez dira ohizkoak txistuan eta gutxiago gaztetxoentzat. Egitarau zabala prestatu duzue. Lana al da hori? Bai, lana bada. Baina uste baino harrera hobea izan dugu beste musika eskola eta taldeetatik. Udalak ere diruz lagundu du eta Txistulari Elkartearen babesa izan dugu. Partaidetza aldetik gure aurreikuspenak bikoiztu egin dira eta igandean maila altuko taldeek joko dute gainera. Txistuak herrian tradizio haundia izan duela... baina nola dago gaur egun? Ezin esan daiteke orain 20 urte bezain ongi dagoenik, baina hori herri gehienetan pasa da. Hala ere, Hernanira jende asko etortzen zaigu txistulari eske. yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!