Hernani-Azpeitia: iazko bi finalistak aurrez aurre lehen kanporaketan

Kronika - Erredakzioa 2005ko api. 26a, 02:00

Lehen partiduak datorren ostiralean dira Hernanin. Kanporaketa oso berdindua aurreikusi dute Hernaniko arduradunek

Bi faboritok elkarren kontra hasiko dute aurtengo Herri arteko Pelota Txapelketa, datorren ostiralean Hernaniko pelotalekuan. Zozketak iazko bi finalistak parekatu dizkigu lehen kanporaketan eta Hernaniarrek asko jokatu beharko dute iazko txapelduna txapelketatik kanporatzeko.
Bi talde sendo Hernanik talde ona izango du frontoian: kadeteetan Izadi Grajal ariko da atzetik eta Ioritz Arrieta edo Julen Garmendia ariko da aurrelari; jubeniletan, Aitor Gorrotxategi ariko da atzetik eta Paul Ojuel edo Beñat Azpitarte aurretik; eta afizionatuetan Garikoitz Erroizenea eta Oier Mendizabal ariko dira. Azpeitiatik, berriz, Ieregi-Eustondo ariko dira kadetetan; Larrañaga-Uzkudun jubeniletan; eta Beobide-Astigarraga afizionatuetan.
Talderik gogorrena Lehen kanporaketa hau oso zaila aurreikusi du Rufino Rekalde Hernaniko taldeeko delegatuak. Afizionatuetan gehiago dira hernaniarrak eta jubeniletan badirudi azpeitiarrak irtengo direla faborito. Kadeteetan, berriz, ez dago faborito garbirik. Hernaniarrek kadete edo jubeniletan irabaztea izango da Azpeitira emaitza on batekin joateko gakoa, nahiz eta Azpeitian kanporaketa are eta zailagoa izango den. Lehen kanporaketa hau irabaztea lortuta ere, ez luke hain erraza izango finalerako bidea Hernanik, Donostia eta Usurbil ere talde berean baitaude. Beste taldean, berriz, Azkoitia dago faborito garbi finalerako eta ez da ikusten itzala egin diezaiokeen talderik.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!