Batxilerrerako matrikula bihar zabalduko da. 2003an, Hernanin ikasi eta Batxilerrean hasi ziren ikasleen % 58a gelditu zen Institutuan; 2004an, berriz, % 77a gelditu zen. Aurten, % 80a herrian ikastea da helburua.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzen ari diren ikasleek bihartik aurrera dute Batxilerrean matrikulatzeko aukera. Formazio Zikloetako matrikulazioa, berriz, ekainean etorriko da. Aurtengo matrikulazio kanpainari begira, honako datu hau da azpimarragarriena. Iazko joerari eusten bazaio oso litekeena da herriko zentro publikoetatik Batxilerra egitera dijoazen ikasleen % 80ak Hernani Institutuan jarraitzea, aspaldiko partez.
Azken lau urteotan herriko zentroek, Udalak, gurasoek, irakasleek eta abar herrian matrikulatzeko kanpaina eta elkarlana bultzatu dute, eta Patxi Apezetxearen ustez elkarlan horrek fruituak ematen ari ditu. Azken bi urteetako datuek garbi erakusten dute hori. 2003-2004 ikasturtean Batxilerra egitea erabaki zutenetik % 58 matrikulatu zen Hernanin, eta 2004-2005ean % 77 gelditu da. Hernani Institutuko zuzendariak uste du aurten datu hori % 80tik gora ibiliko dela.
Hernani Institutuak 223 ikasle ditu gaur egunean eta horietatik 113 Batxilerra egiten ari dira. 31 ikasle Erdi mailako heziketa zikloetan dabiltza. Batxilerra bukatu dutenentzat Institutuak Goi mailako heziketa zikloak ere eskaintzen ditu eta 79 ikasle ari dira horretan.
Kalitatearen aldeko apustua
Hernani Institutuak aurrera egin badu, Patxi Apezetxeak garbi dauka neurri haundi batean kalitatearen aldeko apustua egin izanak ekarri duela hori. «Orain dela 10 urte hasi ginen funtzionamendu kalitatea gehiago hobetzeko proiektuetan eta uste dut horrek mejora haundia ekarri duela. Iso zertifikatua badu Institutuak eta udazkenean Zilarrezko Q-a lortzeko lanean ari da. «Proiektu horiek ez dira formalismo hutsa» dio Apezetxeak konbentzituta. Aurrera ere kalitatearen bidetik jarraitzeko asmo sendoa dute Institutuan «gure lan filosofian oso sartuta daukagu etengabe hobetzen joan behar dela».
Dena eskaintzen da euskeraz
Hernani Institutuak bai hiru batxilerrak eta bai formazio zikloak euskeraz eskaintzen ditu, eta eman ere bai, bat ez beste denak. Ziklo bat euskeraz eta erderaz ematen dute, taldean euskeraz ez dakitenak ere badirelako. Apezetxeak nabarmendu du euskeraren gaian Institutuan esfuertzo haundia egin dela, eta 10-15 urtean erabat buelta eman zaiola egoerari.
Ondo ikasteko, konstantzia eta lanari etekina atera
Institutuan ikasketak ondo eramateko konstantzia eta ikastera dedikatzen den denborari etekina ateratzea dira, 43 urtez irakasle eta 18 urtez zuzendari izan denaren hitzetan. «Horretan gauzak ez dira aldatu. Ikasten ari bagara, gainerako gauzak utzi bazterrean eta ikasi. Hori konstantzia batekin eginda, ez dago hau atera ezinik». DBHtik Batxiler edo zikloetarako maila aldaketari dagokionez, Apezetxearen iritziz, koska badago, baina, ikasleak prestatuta etortzen dira eta ez da arazorik izaten. Hala ere, ikasten ikasteko lanketa bereziak ere egiten dituzte. Selektibitatea, institutuko ikasleek % 92-93k aprobatzen dute, Gipuzkoako bataz bestekoaren pare.
Sendotu eta aukera berriak
Hernani Institutuak aurrera begira duen erronka nagusia azken urteotako bidea eta kalitatearen apustua sendotzea da, zuzendariaren esanetan. Horrek aukera eta erronka berriak ere zabalduko lituzke, ziklo berriak jartzea adibidez. Ekipamendua etengabe berritzea ere bada erronketako bat eta aurten 100.000 euro inbertituko dituzte horretan, finantzazioa bilatzen ahalegin berezia eginda. Azkenik, EPOko zentroa Institutura eramatea da beste helburu nagusietako bat.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!