Hernaniko jubenilak Bartzelonan dira Estatuko Txapelketari ekiteko

Kronika - Erredakzioa 2005ko api. 23a, 02:00

Estatuko Txapelketa hastekoa da datorren asteburuan eta Hernaniko jokalariek Bartzelonan jokatuko dute Elche, Santboiana eta Iruñaren kontra. Lau taldetan banatuta hasiko dute Estatuko Txapelketako lehen fase hau, autonomia bakoitzeko talderik onenek. Bartzelonatik talde bakarra pasako da finalaurrekoetara. Plantila sendoa Hernaniarren entrenatzaileak Kronikari aitortu dionez Santboiana izango da faborito, etxean jokatzen duelako, baina, Hernanik ere oso talde ona eraman du Kataluniara. Hernanik 23 jokalariko plantila sendoa daramaki, punta puntan dabiltzan 5 kadeterekin osatua. Hernanik badaki zer den Estatuko txapeldun gelditzea eta aurten ere goian ibiltzeko moduko taldea du. Hala ere 40 minutuko partidu motzak izaten dira txapelketa horietako sailkatze fasekoak, eta despiste txikia nahikoa da tentsioa galdu eta etxera esku hutsik bueltatzeko. Gaur bi partidu ditu Hernanik, Elche eta Santboianaren kontra, eta gaur bertan jakingo da lehen postuan gelditu eta aurrera jarraitzeko aukerarik baduen. Bihar, Iruñaren kontra jokatuko dute hernaniarrek.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!