ANGEL Unzu Iruñeako gitarra joleak moldatu ditu gaur entzungo diren hainbat abesti. Urtetan Hernanin bizitako musikari honi egindako lanari buruz galdetu diogu.
Zer lan egin duzu Txintxarri Abesbatzarentzako?
Txintxarri Abesbatzak musika tradizionalez osatutako errepertorioa nahi zuen baina ez zeuden abesbatzetan kantatzeko egokituak. Ikutu berezi bat ere eman nahi zioten, ahotsaz gain instrumentuak ere sartu nahi zituzten. Nik piezak hartu eta instrumentuak sartu ahal izateko moldatu ditut. Ahotsen inguruko hainbat moldaketa ere egin ditut. Lehenengo aldia da abesbatza baterako moldaketak egiten ditudala.
Gehienbat musika moldatzen egiten duzu lan, ezta?
Bai, lana delako batez ere. Nik konposatzen dudan musika ez da erraz saltzen. Nahiz eta disko pare bat atera ditudan, batez ere beste musikariekin lan egiteaz bizi naiz.
Zein musikarirekin egin duzu lan?
Benito Lertxundirekin, Mikel Markezekin, Jabier Muguruzarekin, eta Gontzal Mendibilekin ari naiz azkenaldian. Lehenago Anje Duhalde, Amaia Zubiria eta Kepa Junkerarekin ere egin dut lan.
Zure musika egiten duzunean ze estilo jotzen duzu?
Jazzetik gertu dagoen musika estiloa da, baina ez da jazza ere. Nik egiten dudan musikak ez du lekurik jazz zirkuitoetan. Jendea ez dago ohituta gitarra hutsezko, ahotsik gabeko, kontzertuetara.
Hernanin bizi izan zara urteetan, ezta?
9 urtetatik 23 urte bitarte Hernanin bizi izan nintzen. Gaur egun Iruñan bizi naiz. Hernanin Joxan Martin Zarcorekin Ganbara folk taldea osatu genuen. 5 disko atera genituen.
Gaur izango zara kontzertuan?
Lanpetuta nabil baina joatea gustatuko litzaidake, gainera Milagrosa leku berezia da horrelakoetarako.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!