Txintxarri abesbatzak euskal kantak abestuko ditu gaur Milagrosako kontzertuan

Kronika - Erredakzioa 2005ko api. 23a, 02:00

Angel Unzu gitarristak moldatu ditu gaurko kontzerturako abestiak. Euskal abestiekin batean Brasileko abesti bat eta kanta espiritual bat ere abestuko dute. Arratsaldeko 19:30etan izango da, Milagrosan.

ALEGIKO Txintxarri Abesbatzaren bisita jasoko dugu gaur. Gaur arratsaldeko 19:30etan Milagrosan egingo duten kontzertuan euskal kantak abestuko dituzte gehienbat, nahiz eta tartean badituzten Brasileko abesti bat eta kantu espiritual bat. Kontzertua Hernaniko Udal Musika Eskolak hilabetero eskaintzen dituen emanaldien barruan sartzen da. Abesbatzaren kontzertua ez da ohiko koru kontzertua izango, ahotsez gain musika instrumentuek ere garrantzi haundia izango baitute. Txintxarri Abesbatzak ohiko errepertoriotik atera nahi izan du eta horretarako Angel Unzu gitarrajolearen kolaborazioa izan dute, berak hainbat kanta moldatu baititu musika instrumentuek koruko ahotsak apaindu ditzaten. Emanaldian ahotsekin batean klarinetea, baxua, pianoa eta perkusioa entzun ahal izango dira. Hala ere, Txintxarri Abesbatzakoak batere instrumenturik gabe, a capella, ere abestuko dute kanturen bat. Ibilbide luzeko abesbatza Txintxarri Abesbatza 1960garren urtean sortu zen. Gaur egun Garbiñe Orbegozok zuzentzen du eta guztira 24 ahotsez osatzen da. Helburua dute Euskal Herriko abesbatza musika zabaltzea eta hemendik kanpora ere aritu dira kontzertuak eskaintzen: Alemania, Frantzia, Bretainia, Asturias, Galizia eta Bartzelonan izan dira. Disko pare bat ere grabatu dituzte: Eguberriko abestiez osatutakoa bata eta Tolosako Kilometroetarako bestea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!