EKAITZ Dominguez King Boxing eta Full Contact-eko txapeldun geratu da bere federazioak amateurrentzat Bartzelonan antolatu duen txapelketan, martxoaren 26an. Hori dela eta, beregana jo dugu eta Ekaitzek arte martzial horien ingurukoak argitu dizkigu.
Estatuko txapeldun gelditu zinen martxoan Bartzelonan, nola izan zen?
Estatuan hiru federazio daude, nik AMAI izeneko federazioak antolatu duen txapelketan parte hartu dut eta txapeldun geratu naiz nere pisu eta kategorian. Txapelketa Castelldefels herrian izan zen eta konbate bakarra jokatu behar izan nuen, Terrasako baten kontra. Lehenengo asaltoan ostiko bat eman eta K.O geratu zen, arbitroak ez zion jarraitzen utzi.
Kategoria eta pisu ezberdinak daude beraz...
Bai, ni 70-75 kilo artekoan nago, 85etik gorakoak kategoria berean sartzen dira. Nik ikusi izan dut 90 kiloko bat sumo-tik zetorren 235 kiloko beste baten kontra borrokan.
Ez dakigunontzat, kontaiguzu zer diren King Boxing eta Full Contact.
Bi borroka mota dira, baina ezberdintasun txikiak dituzte. King Boxing-ean hanka eta eskuekin gorputz guztian jo daiteke, Full Contact-ean berriz debekatua dago gerritik behera jotzea. Noiz behinka Muay Thay-ean ere entrenatzen dugu, ukalondoak eta belaunak erabiltzen dira azken horretan.
Eta zein da arte martzial horien historia? Nondik datoz?
King Boxing hitza estatubatuarra da, boxeo ingelesaren eratorri bat, baina hori guztia Thailandiatik dator. Borroka mota hauek jatorria Thailandian daukate. Uda partean bertara joan nahi dugu entrenatzera, han modu filosofikoago batean egiten dituzte entrenamenduak. Beste aukera bat Holanda da, bertan maila haundia dago, munduko hoberenak han daude eta entrenamenduak intentsuagoak dira.
Nola sartu zitzaizun kirol horretarako afizioa?
Txikitan Judon hasi nintzen Madinarekin. Denbora gutxira Karatera pasa nintzen eta bederatzi urte egin ditut Mitxelekin. Orain urte eta erdi hasi nintzen King Boxing eta Full Contact entrenatzen, Antiguoko Kuraia gimnasioan. Tafallako beste gimnasio batean ere entrenatzen dut, bertan egiten baitut lan.
Entrenamenduak aipatu dituzu. Nolakoak dira? Zer egiten duzue?
Edozein arte martzialetan bezala entrenatzen dugu. King Boxing-ean flexibilitatea ez da hain beharrezkoa, baina nik Karaten asko landu nuen hori eta orain kontrarioari hortik hartzen diot aurre. Teknika oso beharrezkoa da, ´eskibak` (golpeak saiestea) eta ´kontrak` esaterako, King Boxing-ean aurpegian jotzeko aukera baitago.
Eta gerrikoak...
Erabiltzen dira, baina gure gimnasioan ez dugu horrelakorik. Azterketa egiteko asmotan gabiltza gerriko marroia edo beltza lortzeko. Horretarako beste federazio bateara jo behar dugu, Nafarroara. Bertan dago Vicente Eguzkiza munduko txapeldun izandakoa eta harekin proba batzuk gainditu beharko ditugu gerrikoa lortzeko.
Zer eskaintzen dizu kirol horrek maila pertsonalean? Ondo sentiarazten nau, kirol hau konstantea eta sufritua da, ia egunero entrenatu behar da, baina entrenatzen dudanean eguneroko preokupazioak burutik kentzen ditut eta arazoak kanpoan uzten ditut.
Zenbaitek dio segurtasuna ematen duela horrelako kirolak jakiteak. Zer iritzi duzu?
Baliteke, baina borrokan jakiteak ez du esan nahi kalean erabiliko dudanik. Beti dago arriskua, baina nik uste dut borrokan dakigunak hobeto kontrolatzen dugula burua. Beste batzuk biolentzia azkarrago erabiliko dute, baina guk hoztasun gehiagorekin jokatzen dugu tentsio egoera horietan. Badakigu golpe batek noako mina eman dezakeen.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!