BIHAR hasiko da Xgarren Dantzari Festa eta apirilaren 29ra arte dantzarekin lotutako ekintza ugari izango dira. Hamargarren urteurrena dela eta OTEhITZARI Biraka ikuskizuna ekarri dute, Tanttaka teatroa eta Kukai dantza taldeak osatu dutena. Ikuskizun honek Jorge Oteiza izango du protagonista eta poesia, dantza eta musika batuko dira bertan. Hala ere, Oteizaren nortasuna eta hitzak izango dira ikuskizunaren oinarria.
Ikuskizunean parte hartzen dute, besteak beste, Jon Maia, Alain Maia, Eneko Gil, Ibon Huarte, Urko Mitxelena, Nerea Vesga eta Vanesa Castaño dantzariek eta Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Mikel F Krutzaga musikariek. Ikuskizun honen gidoia Mireia Gabilondok egin du eta baita zuzendaritza lana ere.
Ekintzez betetako asteburua
Dantza eta musika kalera aterako ditu asteburuan Dantzari Festak. Larunbatean dantzari txikiak izango dira protagonista eta dantza saioa eskainiko dute arratsaldeko 16:30etan Biterin. Arratsaldeko 19:00etan Kuxkuxtu taldeak poteorako eta kanturako giroa jarriko du. Aurreneko aldia da Kuxkuxtu Iparraldeko taldea Dantzari Festara etortzen dela baina giro polita jartzen espezialistak direla adierazi diote Kronikari Dantzari Festako antolatzaileek.
Igandean Euskal Herri osoko dantzariak izango dira Hernanin: Ttarla (Hernani), Eskola (Donostia), Adurtza (Gasteiz), Salleko (Sestao), Etxahun (Barkoxe), Poliki (Lohuso) eta Primadera (Arbona). Goizeko 11:00etan plazan denek batean Ikurriña-dantza egingo dute eta segidan herriko auzoetara joango dira dantzatzera: Osiñaga, Portu, Elizatxo, Ereñotzu, Oialume, Florida, Etxeberri, Kaxkoa, Sorgintxulo eta Marieluts aldera.
Hitzaldi eta erakusketa
Astean zehar hitzaldiak izango dira Biterin, euskal jantzi eta dantzei buruz. Erakusketa ere antolatu dute euskal jantziei buruz. Hitzaldietan aurtengo nobedadea da asteartean Gaizka Barandiaranek emango duena, izan ere bizitza osoa daramaki euskal dantzei buruz ikerketa egiten eta sorgin dantzaz eta mutil dantzaz hitz egingo du, besteak beste.
Patxi Perez hilaren 29an
Apirilaren 29an, ostirala, Patxi Perezekin dantzan aritzeko aukera izango da Plaza Berrian antolatu duten erromerian.
Egitaraua
Bihar, apirilak 22
20:00: OThEITZAri BIRAKA
emanaldia, Kukai-Tanttakaren eskutik.
Larunbata, apirilak 23
12:00: Kalejira eta erromeria.
16:30: Dantzari txikiak Biteri
plazan (euriarekin kiroldegian).
19:00: Erromeria Kukuxtu
taldearekin.
Igandea, apirilak 24
10:00: Kalejira.
11:00: Ikurriña-dantza talde
guztiek, Gudarien plazan. Segidan auzoetara abiatuko dira.
13:30: Preso eta errefuxiatuen omenezko ekitaldia.
14:30: Bazkaria, dantzari eta
soinujoleentzat.
Astelehena, apirilak 25
15:30-16:30: Hitzaldia
ikasleentzat. Baserritarren jantziak.
17:00-20:00: Euskal-jantzien
erakusketa Biterin.
Asteartea, apirilak 26
17:00-19:30: Euskal-jantzien
erakusketa Biterin.
18:00: Hitzaldia. Euskal
dantzak.
Asteazkena, apirilak 27
17:00-19:00: Euskal-jantzien
erakusketa Biterin.
Osteguna, apirilak 28
17:00-19:30: Euskal-jantzien
erakusketa Biterin.
19:00: Hitzaldia, Biterin. Baserritarren jantziak.
Ostirala, apirilak 29
17:00-19:00: Euskal-jantzien erakusketa Biterin.
19:00: Erromeria, Patxi Perez eta bere taldearekin.