Down sindromea duten pertsonen sentimenduetan barrena

Kronika - Erredakzioa 2005ko api. 20a, 02:00

Verdini Dantza Taldea eta Vaiven Produccionesek ‘Bihotzetik’ koreografia eskainiko dute gaur. Arratsaldeko 20:00etan izango da, Biteri kultur etxean.

Bihotzetik koreografia ikusteko aukera izango da gaur Biterin. Down sindromea duten pertsonen bizipenetan zehar egindako ibilbidea da obra hau: sindromea dutela konturatzen direnetik, berarekin bizitzen ikasten duten arte. Bihotzetik Verdini Dantza Taldeak eta Vaiven Produccionesek elkarlanean sortutako obra da. Koreografia hau ikusi nahi duenak gaur arratsaldeko 20:00etan izango du aukera, Biteri kultur etxean. Koreografia Isabel Verdinik egin du, ibilbide luze eta esperientzia haundiko koreografoak. Verdini Dantza taldea 1992 urtean sortu zuen eta down sindromea duten pertsonekin lan egiteko sortu zena gaur egun konpainia profesional bat da. Koreografia honetako dantzariak dira: Oihana Varela, Oihana Maritorena, Ainhoa Andres, Ane Bastarrika, Nekane Prieto, Maria San Sebastian, Aizea Sendon eta Isabel Verdini bera. Vaiven Produccionesetik Ane Pimienta (zuzendari artistiko eta produkzio lanak egiten ditu) ere tartean da eta konpainia bereko Iñaki Salvadorrek sortu du musika. Batzen doazen bi mundu Bihotzetik koreografian bi mundu agertzen dira: batetik down sindromea duten pertsonena eta bestetik ez dutenena. Hasiera batean bi mundu horien arteko distantzia eta gaitzespena islatzen da baina piskanaka sentsazio horiek jakinminak eta elkar trukatzeko gogoak ordezkatuko dituzte. Azkenerako bi mundu horiek batu egingo dira. Koreografia 8 zatitan dago banatuta: haizearen ametsa; zintzotasuna borborka; itxurakeri sorra; zure erretinetik begira; gizarte anestesiatua; nire, zure, beldurrak; hoztasun zurrutak eta bihotzetik. Zuzeneko musika Ikuskizun honetan zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango du ikusleak eta tartean badago hernaniar artistarik. Musika Iñaki Salvadorrek osatu du eta piano, teklatu, akordeoi eta perkusio joko ditu. Luis Caminok perkusioa joko du eta Ainara Ortega hernaniarrak, abestu, eta bibolina eta perkusio joko ditu.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!