Lagunek eta herritarrek ‘Zapa’ omendu zuten atzo

Kronika - Erredakzioa 2005ko api. 18a, 02:00

Jende asko bildu zen Kardaberaz kaleko bere etxe atarian

GAUR da mende laurden Felipe Sagarna Zapa hil zutela. Hori dela eta, omenaldia egin zioten atzo bere koadrilak, lagunek eta herritarrek. Goizean meza izan zen danbor jolearen eta ´txatarra` koadrilako hildakoen omenez. Gero, 13:00etan ekitaldia izan zen Zaparen etxe atarian, hil zuten lekuan. Euria eginagatik ere, jende asko bildu zen bertan. Omenaldia etxe atarian Dantzariek agurra dantzatu zuten txistularien soinuarekin batera eta horren ostean Antton Garin eta Unai Agirre bertsolariek bina bertso kantatu zituzten. Segidan musikariek Felipe Sagarnaren omenez sortutako bi musika pieza jo zituzten: bat ‘Los Diamantes’ taldeak egindakoa eta beste bat Joakin Ortega ‘Canariok’ konposatutakoa. Ekitaldia bukatzeko bertan zeuden txarangetako kideek Eusko Gudariak jo zuten. Gero, txarangek kalean behera egin zuten doinu alaian Luis Mari eta Portu hil zituzten lekuraino, han ere omenaldi txiki bat egin zieten bi hernaniarrei. Omenaldian parte hartu zutenek bazkaria egin zuten sagardotegian eta txarangak kalean ibili ziren arratsalde osoan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!