Hernanin EA-EAJ koalizioak eta Batasunak bakarrik egin dituzte mitinak.
Ezin esan hauteskunde kanpainak Hernanin mugimendu haundia eragin duenik. Kanpaina osoan bi ekitaldi publiko bakarrik izan dira eta ez da Hernanin Lehendakarigaien mitinik izan. EA-EAJ koalizioak Biterin egin zuen ekitaldia. Joseba Egibar eta Unai Ziarretak herri izaera eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu zituzten Hernanin, eta Ibarretxe plana defenditu zuten. Bigarren ekitaldia Batasunak egin zuen joan den ostegunean Tilosetan, EHAK-ren kartela ondoan zutela. Jose Mari Olarrak ilusioa azpimarratu zuen eta Manuel Frailek beldurrak uxatu eta botoa emateko deia egin zuen, zeini zuzenean aipatu gabe. Ezker Batua, Aralar eta PSE-EE kalean propaganda banatzen ibili dira kanpainan, baina, ez dute ekitaldi publikorik egin Hernanin. Aintzane Ezenarro Aralarreko zerrendaburua ere izan da Hernanin. Alderdi Sozialistak aldaketa premia nabarmendu du kanpainan eta Estatutu berria ere agindu du. EBk Jaurlaritza berriari ezkerrerako joera haundiagoa ematea du helburu, federalismoarekin batera. Aralarrek uste du erabakitzeko eskubidea dagoela jokoan eta akuilu lana egin nahi du prozesu horretan. PPk ez du ekitaldirik egin Hernanin. San Gil lehendakarigaiak azpimarratu du bera dela benetako aldaketaren erreferente bakarra.
EHAK alderdi berriak Hernaniarra du Gipuzkoako zerrendaburua. Nekane Erauskinek Kronikari adierazi dio beren helburua dela demokrazia ezarekin bukatu eta bakea eskuratzea. Ezker Abertzaleko bost alkate ohiek EHAKren aldeko botoa eskatu zuten.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!