Partidua berdindua ikusten du Jokin Etxabek. Galarretako jaialdia arratsaldeko 16:00etan hasten da eta finalerdia bigarren partidua da.
GIPUZKOAKO Lehendabiziko Erremonte Txapelketako partidu garrantzitsua jokatuko da gaur Galarretan eta Hernaniko erremonte zaleentzat zita garrantzitsua izango da, izan ere Jokin Etxabe, Hernanin bizi den azpeitiarrak jokatzen baitu. Gaurko finalerdian Jokin Etxaberekin batera Sarasuak jokatuko du eta hauen kontra Altuna II eta Badiolak. Gaurko Galarretako jaialdiko bigarren partidua izango da. Jaialdia arratsaldeko 16:00etan hasten da.
Txapelketako bigarren semifinala hilaren 23an jokatuko dute Juaristi-Iriartek, Bitoria-Aizpururen kontra. Finala apirilaren 30ean jokatuko da.
Sarasua-Etxabek lan txukuna
Sarasua eta Etxabek Gipuzkoako Txapelketa honetako beste bi semifinalisten kontra jokatu zuten pasa den ostegunean, Juaristi eta Iriarteren kontra. Txapelketaz kanpoko partidu honetan Sarasua eta Etxabek erakutsi zuten fuerte datozela izan ere 35 eta 23 garaitu baitzituzten aurkariak.
Gipuzkoako txapelketa honetan ere lan txukuna egin dute Sarasua eta Etxabek. Semifinalak erabakitzeko ligillako bi partidu irabazi baitituzte, Altuna I-Urko eta Matxin III eta Eizagirren kontra. Hala ere, pasa den ostegunean menderatutako Juaristi-Iriarteren kontra galdu egin zuten ligilla honetako aurreneko partiduan eta taldeko bigarren postuan geratu ziren.
Jokin Etxabe esperantzarekin
Jokin Etxabek Kronikari adierazitakoaren arabera nahiko berdindua ikusten du gaurko partidua: ´Bi parejak ere nahiko berdinduak gaude. Gure helburua da gure jokoa ondo egitea eta hori egin ezkero aukerak izango ditugu finalera joateko`. Finala irabaztea ere posible ikusten du.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!