FELIPE Sagarna Zapa orain 25 urte hil zuten. Zapa pertsona ezaguna zen Hernanin, batez ere txaranga eta soziedade munduan asko ibilia zelako eta danborra joaz umorea galtzen ez zuelako. Horregatik, haren hilketak eragin haundia izan zuen herritar guztiengan. Zapataria zen lanbidez, ezkongabea eta garai hartako kronikek diotenez, ez zen politikan gehiegi sartzen, festa zuen Zapak gogoko.
1985eko apirilaren 18a
Egun hartan, ostiral gauean, sagardotegitik bueltan, Kardaberaz kaleko bere etxearen atarian zegoela ezezagun batzuek hiru tiro bota zizkioten Zapari. Momentu horretan bere lagunak gertu zeuden eta erresidentzira eraman zuten arren bertan ezin izan zuten ezer egin haren bizitzagatik.
Hortik gutxira, hernaniarra hil zuten leku berera ezezagun gehiago azaldu ziren, tiroak airera bota eta balkoietan zegoen jendeari etxeetara sartzeko esaten. Antza denez bala-zorroak biltzen aritu ziren. Gero Batallon-Vasco Españolek beregain hartu zuen atentatua.
Hurrengo eguna:
gorpuari harrera
Berria azkar zabaldu zen herrian, hilketa horren atzean arrazoi politikoak zeudela jakin zenean taberna guztiak itxi zituzten eta hurrengo egunean ere dendak eta tabernak itxita egon ziren, ikurriña asko agertu zen krespoi beltzarekin, baita udaletxean ere. Eguerdian hiru mila lagun inguruk gorpuari harrera egin zioten, hilkapera udaletxean jarri zuten eta bertatik pasa ziren, milaka hernaniar eta baita kanpoko jende asko ere.
Igandean, hileta eta hilobiratzea izan ziren San Joan Parrokian, jendea Gudarien Plazan kabitu ezinik ibili zen. Gero manifestazio jendetsuak eta istiluak egon ziren Hernanin: trenbidea moztu zuten eta guardi zibil baten autoari su eman zioten.
Greba orokorra
Astelehen eta asteartean Hernani osoa geldirik egon zen, greba orokorra deituta baitzegoen. Astelehenean Hernaniko Udalak bilkura egin zuen atentatua gaitzesteko. Bitartean manifestazioek eta istiluek jarraitu zuten herritar eta poliziaren artean, ke-poto batek su eman zion Kaxkoko lokal bati.
Felipe Sagarna gogoan
Felipe Sagarna hil zutela 25 urte pasa dira, baina urte guzti hauetan bere lagunek oso gogoan izan dute erahil zuten hernaniarra. Urtero, txarangek omenaldi xumea egiten diote bere etxeko atarian, loreak eskaini eta piezaren bat joaz. Zapa Santa Barbara soziedadeko sozio ere bazen eta hil zuten urtean erabaki zuten bere bazkide zenbakia hutsik mantentzea, hernaniar danbor jolea omentzeko, eta horrela mantentzen da gaur egun ere.
Biharko
omenaldia
BIHAR, igandea, omenaldi berezia egingo zaio Felipe Sagarnari. Horretarako egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Goizeko 11:00etan meza izango da. 13:00etan txarangak Zapa hil zuten lekura joango dira eta bertan aurreskua, lore eskaintza eta bertso batzuk kantatuko zaizkio. Ondorenean bere omenez egindako pieza batzuk joko dituzte txarangek eta Eusko Gudariak joaz bukatuko dute. Gero sagardotegira joango dira guztiak eta arratsaldean, 19:00etatik aurrera txarangak kalean izango dira berriro. Omenaldia 21:00etan bukatuko da Agur Jaunak jotzearekin batera.