Berezi-Gasteizen kontra irabazi ezkero lehen postuan amaituko luke liga. Igoera fasea maiatzaren 5etik 8ra jokatuko dute beste multzoetako lehenengo bien kontra.
BOLEIBOLEKO mutilen taldeak, UPV Hernanik, liga ia eskura dauka, baina horretarako gaur Berezi-Gasteiz taldeari irabazi beharko diote, Kiroldegian 16:30etan jokatuko den partiduan. Partidu hau aurreko astean jokatu beharrekoa zen, baina elurra zela eta, gasteiztarrak ezin izan ziren Hernanira etorri eta partidua atzeratu egin zen.
Hernani UPV faborito bezala irtengo da pistara, joaneko partidua 0-3 irabazi baitzion Gasteizi. Dena den, taldearen entrenatzaileak, Eusebio Lizarazuk, Kronikari esan dionez ´ezin gara fidatu, edozer gauza pasa daiteke eta`.
Igandeko partidua
Gaurkoa ez da Hernanik asteburua jokatuko duen partidu bakarra izango, bihar, Sapuherriren kontra jokatu beharko du Durangon, play off-etako azkeneko partidua. Hernaniarren helburua da asteburuko partiduak irabazi eta liga partidurik galdu gabe eramatea: ´inork ez du horrelakorik egin eta guk marka hori jarri nahi dugu, hor gera dadin`, dio Eusebiok.
Igoera fasea, maiatzean
Ligako azken fasea edo play off-ak bukatzerakoan, igoera fasea jokatu beharko du UPV Hernanik eta horri begira dago jadanik taldea. Euskadi, Galizia, Asturias, Gaztela eta Leon eta Kantabriako lehenengo bi taldeen artean jokatuko dute igoera fase hori, maiatzaren 5etik 8ra.
Hernaniko entrenatzailearen ustez Galiziakoa izan daiteke talde zailena, baina aurten igotzeko pasea lortzea du helburu Hernanik (iaz 3garren geratu ziren) eta adierazi duenez: ´Lesiorik ez badugu, uste dugu gai izango garela postu on bat lortzeko`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!