EHNArekin bozkatzeko deia egin du Bai EHri ekimenak

Kronika - Erredakzioa 2005ko api. 15a, 02:00

BAI Euskal Herriari ekimenak igandean EHNArekin bozkatzeko deia egin du. Zita eguerdiko 12:00etan jarri dute plazan. Bai Euskal Herria ekimenak EHNArekin bozkatzeko arrazoia azaldu du: ``egun gure naziotasuna ukatu egiten zaigu eta espainiar naziotasun arrotza inposatzen zaigu. Hala ere, aspaldidanik badugu euskal herritarrok gure naziotasuna eta gure nortasuna munduaren aurrean agertzeko tresna`` diote. EHNArekin botua emateko aukera errespetatu Horrekin batera hauteskundeetako mahaietan egon behar duten herritarrei ``bere bizilagunak libreki EHNArekin bozkatzeko hautua egiten badute, errespetatzeko`` eskaria egin dute. Alderdi politikoetako zuzendaritzei aldiz, abertzaleei bereziki, adierazi nahi izan diete bere burua EHNArekin aurkezten duen euskal herritar oro errespetatua izango dela ziurtatzeko, ``aurreko hauteskundeetan hainbat ordezkari politikoen eraginez, hainbat hautes mahaietan EHNArekin bozkatzeko zailtasunak izan zirelako`` adierazi dute. Ez dira euskaldun guztientzako hauteskundeak Bai EHk dio ezin dela esan ``hauteskunde hauetan euskaldunok gure etorkizuna erabakiko dugunik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeetan bizi diren euskal herritarrok soilik izango baitute parte hartzeko aukera`` azaldu dute. Bestetik, diote, alderdien proiektuez baino zenbait alderdi politikoen parte hartzean zentratzen ari dela eztabaida guztia. Bai EHren ustez, ``euskal jendartetik sortzen diren ekimen, alderdi edo hautu politiko guztiek izan behar dute aukera parte hartzeko. Herritarrok izan behar genuke aukera politiko bakoitzari babesa eman edo kentzeko ahalmena izan behar genukeen bakarrak`` diote. Egungo egoerari buruz azaldu dute ``gobernu batek inposatzen du Euskal Herrian nork parte har dezakeen eta horregatik diogu euskal herritarron eskubide zibil eta politiko guztiak inoiz baino zapalduagoak daudela``.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!