MARIELUTS haurtzaindegian matrikulatzeko irizpideak eztabaidatu eta onartu zituen herenegun Hezkuntza Prestakuntza eta Lan Saileko Batzordeak. Atzo, Gobernu Batzarrak behin betiko onarpena eman zion irizpide horiei.
Lehentasuna izango
duten haurrak
Onartutako dokumentuak dio haurtzaindegian matrikulatzeko lehentasuna izango dutela gurasoetako bat gutxienez urtebete Hernanin erroldatuta duten haurrek eta baldintza hauetako bat betetzen dutenek: Ongintzatik iritsitako haurra izatea; anai-arrebaren bat bertan matrikulatua egotea edo haurrak hirukiak izatea.
Betetzeko geratzen diren plazak emateko zozketa egingo da. Horretan, lehentasuna izango dute, gurasoetako bat gutxienez urtebete Hernanin erroldaturik duten haurrek.
Zozketa bakarra
Atzo onartu ziren irizpideen arabera, aurten zozketa bakarra egingo da aurrematrikulatutako haurren artean (beste urteetan bi zozketa egiten ziren, seihileko bakoitzeko bat). Modu horretan, zozketan sartu ahal izateko, haurrak zozketa egiten den urte berean jaioa izan beharko du eta ez dira onartuko urte natural horretatik kanpo jaiotako haurrentzako eskaerak.
Zozketa, ikasturtea hasten den urteko maiatzaren bigarren hamabostaldian egingo da eta aurrematrikula egin duten haur guztiek multzo bakarra osatuko dute zozketan, jaiotzen diren hilabetea kontuan izan gabe. Haurtzaindegian plaza lortu ez dutenekin ordezko zerrenda bat osatuko da, zozketan atera diren ordenaren araberakoa eta ikasturtean zehar hutsik geratzen diren plazak betetzeko zerrenda hori erabiliko da, orden berdina jarraituta.
Plazak hartzeko epea eta adopzio kasuak
Udaleko Hezkuntza sailaren irizpideek diote matrikulatutako haurrak lau hilabete egin baino lehenago haur eskolan hasten ez bada, haren gurasoek epe bat izango dutela justifikatzeko. Horren ondoren baja emango zaio haurrari.
Adopzioan hartutako haurren kasuan, lau hilabete baino gehiago izanda ere, aste batzuk izango ditu haurrak, haurtzaindegian hasi aurretik familiarekin egoteko.