Ezker Batuak datorren legealdirako asmoak azaldu dizkio Kronikari. Bihar Hernanin izango dira propaganda banatzen.
Eskubideak eta bakeaz hitz
egiteko elkarrizketa mahaia
Ezker Batuak Kronikara bidalitako prentsa oharrean dio beraien ekintza politiko nagusia dela ``pertsona guztien eskubideak defendatzea``, baina eskubide guztien artean bat azpimarratzen dute bereziki: ``bakean bizitzeko eskubidea``. Ezker Batuaren ustez ``bakea guztien arteko elkarrizketa eta negoziazioaren bidez bakarrik etorriko da, mahai baten inguruan``.
Gaur egungo Euskal Herriko egoerari buruz dio ``ETA erakunde terroristaren mehatxuek eta alderdi politikoen ilegalizazioak ez dute laguntzen bakea lortzeko bidean``. Ibarretxe Planari buruz iritzia ere eman du alderdi honek bere oharrean eta garbi utzi du: ``estatutu berriak ez du Ibarretxe Plana izan behar, Ezker Batuak atxikipen libreko federalismoaren alde egiten du`` eta segidan euskal gizarteak ``autodeterminatzeko`` eskubidea duela azpimarratzen du.
Errekurtso gutxi dituztenen beharrak asetu
EB-ren ustez ez da nahikoa marko berri bat sortzea, kontuan edukitzen ez badira ``errekurtso gutxien dituztenen beharrak``.
Hirukoa osatzen duen alderdi honek Eusko Jaurlaritza barruko bere jarduera azpimarratu nahi izan du, batez ere arlo hauetan: etxebizitza, inmigrazioa eta drogomenpekotasuna eta marginazioaren kontrako borroka: ``Aurreko legegintzaldian Eusko Jaurlaritzaren ekintzetan eragin haundia izan genuen, Jaurlaritzari kutsu aurrerakoia, soziala eta ezkerrekoa eman genion, EAJ-PSEk batera agindu zuten garaian ez bezala``.
Oraindik bide asko dago egiteko
Orain arte egindako lana azpimarratzeaz gain, EB-Berdeak alderdiak bere ustez egiteko dagoena azaltzen du oharrean: ``Oraindik badaude non bizitzerik ez duten pertsonak, delituak egitera behartuta dauden inmigranteak, paperak ematen ez dizkietelako, zerbitzu sozialik gabeko drogodependienteak, tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeak, etxetik alde egiterik ez dutenak nora joan ez dutelako...`` Ezker Batuak dio alderdi honek hartu duen lana eta konpromezua dela ``arazo guzti hauekin amaitzea`` eta gaineratzen du ``hori Ezker Batuaren eskutik bakarrik etorriko da``.
Bihar, Hernanin izango da
Ezker Batuak bere aldeko botoa eskatzen du prentsa-oharrean: ``gizarte politika eta elkarrizketaren alde egiten dugulako`` Bi bloke artean ikusten du bere burua: EAJ-EA eta PP-PSE eta dio ``Euskadik ez du behar hauetako inoren gehiengo absoluturik, gobernu anitza behar du``.
EBko kideek Hernaniko Kronikari adierazi diotenez bihar ferian izango dira, bazkalondoan, propaganda banatzen. yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!