Demokrazia eta bakearen alde
Nekane Erauskini galdetu diogu ia bere alderdiaren ideia politikoak eta programa zein diren, baina berak erantzun digu orain horri ez zaiola garrantzirik eman behar ``programa pentsatuta genuen eta gure ideia politikoak ere baditugu, baina hori guztia alde batera utzi dugu. Orain gure lehentasuna da demokrazia ezarekin bukatzea eta bakea eskuratzea``.
Aukera Guztiak plataformak egindako bileraren inguruan dio, bilera hartara hiru alderdi joan zirela: ``Batasuna, Aralar eta gu joan ginen. Besteak ez ziren agertu. Guk erabaki genuen gure kandidaturak eskaintzea demokrazia falta eta bakearen alde egiteko``. Batasuna eta Aukera Guztiak taldeen ilegalizazioa dela eta Erauskinek zera dio: ``ez dago horretarako eskubiderik eta zerbait egiteko prest egon behar dugu, lehendabizi demokrazia eta bakea bermatu behar dira hemen``.
Kanpainaren gora-beherak:
eraso mediatikoa.
Hauek dira EHAK-k egiten dituen lehenengo hauteskundeak eta horren harira kanpaina zer moduz dijoan galdetu diogu hautagaiari. Berak dio ez dela erraza izan, komunikabideen aldetik batez ere: ``Ikusi dugu gure kontrako eraso mediatiko ikaragarria egon dela. Prentsaurrekoak oso bortitzak izan dira, prentsaurrekoak baino gehiago galdeketak ziruditen eta gu harrapatu nahian ibili direla dirudi``.
EHAK alderdi berria eta txikia izanik, eztabaidak egiteko eta kanpainan parte hartzeko ez dituztela kontuan izan keja da Erauskin. Modu berean dio, ezin direla ezer esan gabe geratu ilegalizaturiko alderdien ekitaldietan pasatakoarekin: ``lotsagarria da Ibarretxe eta ertzaintzaren jokaera, zergatik bidaltzen dituzte ekitaldiak eragoztera?``
Beste alderdien erreakzioa
Alderdi Popularra eta zenbait talde EHAK ilegalizatzeko eskatzen ari direla eta: ``Gu alderdi legal bat gara eta ez daukate inolako arrazoirik gu ilegalizatzeko`` dio zerrenda buruak.
Baina beste alderdi batzuen jarrerarekin harrituago daude EHAKkoak: ``AG ilegalizatzearen kontra aritu ziren eta orain berriz ez dute horrelakorik esaten, askotan intoxikazio hitzak esaten dituzte gure kontra, dena nahastu nahian. Zein helbururekin egiten dute hori?``. Erauskinen hitzetan kontraesanean dabiltza: ``ilegalizazioarekin zioten beraien kalterako zela eta gu azaldu garenean diote interesak daudela gu ez ilegalizatzeko. Hori kontraesan bat da``.
Hauteskundeen ondoren
Hauteskundeen ondoren garbi du EHAK-k zer egingo duen: ``Parlamentura joango gara eta han demokrazia eta bakea defendatuko ditugu``.