«Hernani beti bolkatu izan da Extremadurako jaiarekin»

Kronika - Erredakzioa 2005ko api. 10a, 02:00

Santi Gil Centro Extremeñoko lehendakariordeak adierazi du aurten betiko festaz gain, gia turistiko zabala izango dela Latsunbeko kirol pistan.

Extremadurako jaiak 13garren edizioa du aurten eta hango produktu eta kultur eskaintza izango da aukeran gaur Latsunbeko kirol pistan. Urdaiazpiko, txorizo, ardo, reposteri eta abarrekin batera, Extremadura ezagutzeko gia turistikoak ere izaten dira urtero. Aurten, ordea, eskaintza berezia izango dute alde horretatik, Santi Gil Centro Extremeñoko lehendakariordearen esanetan. «Ibilaldiak, balneario sarea, pantanoak, Meridako aztarna erromatarrak... Extremadurak zer bisitatu eta zertaz gozatu asko du, eta geroz eta jende gehiago joaten da hemendik» adierazi du Santi Gilek. Extremadurako jaiak jende asko biltzen du Hernanin. «Jendea bolkatu egiten da Hernanin» esan dio Santi Gilek Kronikari. Hernanin bertan, ordea, ez dago elkarte propiorik eta Donostiako zentrotik antolatzen da urtero ekitaldia. Ez da Hernaniko jendea bakarrik biltzen: «Extremaduratik etorritako jendeak aukera gutxi izaten du hango folklorea ikusteko eta Hernaniko aukera aprobetxatzen du ikusi eta gozatzeko». Hernaniarra lehendakari Hasieran, Gipuzkoa osorako zentro extremeño bakarra egitea pentsatu zuten eta Hernanin ere ibili ziren lokal bila. Azkenean, Donostian jarri zuten. 26 urteko historia egin du eta sortzaileetako batzuk hernaniarrak dira. Honorio Barrante hernaniarra, berriz, sei urtez izan zen lehendakari. Gaur egunean ere baditu bazkide hernaniarrak eta ateak zabalik ditu nahi duenarentzat. «Sangria humana» Santi Gili ere galdetu diogu herritik joan beharraren oroitzapenaz. Santi Miajadas herrikoa da sortzez eta aitortu digu herria erdi hutsik gelditu zela gazte gehienak alde eginda. «Fue una sangría humana» esan digu. Urte askoren buruan, bere jaioterriko 140 lagun bildu ziren ekitaldi berezi batean. Geroztik ia urtero biltzen dira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!