Marcelina Costa, Isabel Casco eta Jaione Tejedor familia bereko hiru belaunaldi dira, Extremadurako jatorria dutenak. Beren bizipenak kontatu dizkiote Kronikari.
1960garren urtean Cacereseko Madroñera herria utzi eta bizi berri baten bila abiatu zen Marcelina Costa, 26 urte eta alaba batekin. Ordurako, senarra Jose Cascos zena, hemen zebilkien lanean. Marcelinarentzat herritik alde egitea baino gehiago familiarekin biltzea izan zen hura, eta oso pozik gogoratzen du egun hura.
Bi urte beranduago Hernanira etorri ziren bizitzera, eta geroztik Kardaraz kalean bizi da. Bertara integratzeko eta euskera ikasteko ahalegin berezia egin dute. Senarra gauez joaten zen Harri Burnira euskera ikastera, eta eskubiko taldeen amenazak jaso zituzten Hernani uzteko eskatuz.
Marcelinak eusten dio jatorriari eta baita azentuari ere. Bilobek amoña deitzen diote. Abuela hots egin ezkero erdi-haserretu egiten omen da gainera.
Nola gogoratzen dituzu herritik atera ziren eguna eta Hernanira iritsi zinenekoak?
Marcelina: Poz haundiarekin. Neretzat Hernanira etortzea gertatu zaidan gauzarik onena izan da. Ordurako nere gizona hemen zegoen lanera etorrita eta hona etortzea berarekin elkartzea zen. Beno, gu berez aurrena Martutenera etorri ginen, eta habitazio bakar batean geunden. Orduan, etxeak zenbat gela hainbeste familia egoten ginen. Gurean, gizona eta biok eta bi alaba txiki bizi ginen gela batean. Ohean alde batean sehaska eta bestean kapazoa.
Gero, handik bi urtera Hernanin geure etxea hartu genuen eta orduan bai ondo. Bestalde, oso garbi izan dugu geure herritik Hernanira etorrita bertara integratu behar genuela, eta jendeak ere oso ondo hartu izan gaitu beti. Beharbada, hasieran hemengo jendeak distantzia gehiago jartzen zuen, baina, gero beti oso ondo moldatu izan gara.
Zuen gurasoentzat kolpea izango zen zuek alde egitea?
Marcelina: Bai, haientzat oso gogorra izan zen. Gainera, orain ematen du handik hona distantziarik ez dagoela, baina, orduan oso diferentea zen. Gu bezala, beste jende askok ere alde egin zuen eta herri asko erdi hustuta gelditu ziren.
Gurasoak bizi nituela, urtero joaten nintzen Madroñerara bisitan. Orain ere joaten naiz, baina, gutxiago.
Extremadurara bizitzera bueltatzeko asmorik?
Ni han jaio nintzen eta eusten diot hango ohiturari. Baina, bizitza hemen egin dut eta ni hemengoa naiz. Hernanira etorri izana bizitzan pasa zaidan gauzarik ederrena izan da neretzat.
Esan duzu hasieratik zeneukala garbi Hernanira integratu behar zenutela. Baina, zeure herritik aterata ez zenduen dudarik izan ze heziketa eman ondorengoei?
Bai gizonak eta bai nik oso garbi geneukan hemen bizi ginenez hemengo eta honerako heziketa eman behar geniela. Nere gizona eta alabak Harri Burnira joaten ziren gauez euskera ikastera, gordean. Orduan ez zen ikastolarik. Alaba denak saiatu dira euskera ikasten eta batzuk ondo hitz egiten dute. Alaba zaharrena da hemen jaio ez zen bakarra eta hura da gehiena saiatu dena.
Isabel Casco (alaba):
«Oso gustora joaten naiz bisitan»
Isabel, zu hernaniarra zara jaiotzez, ze harreman duzu gurasoen jaioterriarekin?
Gurasoek familia giroa maitatzen erakutsi didate eta oso gustora joaten naiz Extremadurara bisitan. Gainera, oso polita da.
Nola bizi izan duzu extreñenoen ondorengoa izatea? Natural, sentitu duzu edo sentitu arazi dizute ezer berezirik?
Naturaltasun osoz bizi izan dut. Txikitan tarteka eta bakarren batek txurriano deituko zidan, baina, alde horretatik ez dut inongo arazorik izan. Euskal gizartea, eta Hernanikoa, ez da itxi inmigrazioaren aurrean, bi kulturek elkarrekin egin dute aurrera.
Ni neroni euskera ikasten ere saiatu izan naiz, eta ulertu ere egiten dut zerbait. Baina aitortu beharra daukat ez daukadala oso belarri ona eta kosta egiten zait hitz egitea. Alabek, berriz, ikastolan ikasi dute
Jaione Tejedor (biloba):
«Koadrilan normala da aiton-amonak Extremadurakoak izatea»
Nola bizi du jatorria hirugarren belaunaldiak?
Gu ere joaten gara Caceresera bisitan. Kontaktua mantentzen dugu, bai. Nik ere normal-normal bizi izan dut jatorri extremeñoen ondorengoa izatea. Gainera, jende asko dago Hernanin aiton-amonak, (edo bietako bat) Extremeñoak dituena.
Zer deitzen diozu, amona edo abuela?
Amoña, amoña! Abuela deitu ezkero haserretu egiten zait!
Marcelina: «Ni ez naute botako»
Zer eman die elkarri komunitate extremeñoak eta Hernanik?
Isabel: Kultura interkanbio bat izan da, aberasgarria denentzat. Extremadurako jendeak euskal kultura ezagutu du eta bizimodua aurrera atera. Eta gure lanak ere jendea hobeto bizitzen lagundu du.
Marcelina: Bai, nik ere uste dut denentzat ona izan dela
Hauteskunde kanpainan gauden ezkero, sentitu izan al duzue politikoek erabili egin izan zaituztela, edo marjinatu?
Isabel: Orain arte behintzat ezetz esango nuke. Nik behintzat ez dut hala sentitu. Azken urteotan bai, ordea. Batzuk esaten dute Ibarretxe planarekin jende batek joan egin beharko duela eta horrelako kontuak.
Marcelina: Ni hemengoa naiz eta ez naute botako. Lehenago saiatu ziren eta ez zuten lortu. Batallon Vasco Espainolek amenazatu egin gintuen eta 15 egun eman zizkigun Hernanitik joateko. Ez ginen joan, noski.
Jaione Tejedor
«Neretzat amoña da, gainera, abuela deitu ezkero haserretu egiten zait».
Isabel Casco
«Euskal gizartea ez zen itxi inmigrazioren aurrean».
Marcelina Costa
«Etorri ginenean lau laguneko familia koarto batean bizi ginen bi urtean. Gizona eta biok eta bi ume txiki. Ohearen alde batean sehaska eta bestean kapazoa».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!