Hernaniko gazteen bizitza soziala

Kronika - Erredakzioa 2005ko api. 9a, 02:00

Dobera Sariko II. Edizioan 60-70. hamarkadako eta gaur eguneko gazteen bizieren konparaketa lana egiten ari gara. ``Lan mundua`` eta ``Gizarte mugimenduak`` gaien ondoren beste bi gai jorratu behar ditugu, sozializazio ereduak eta irakaskuntza. Gaurkoan sozializazio ereduei eskainiko diegu tartea. Ondorengo erreportaian hiru elkarrizketetako iritzien zertzelada bat azaltzen dugu ikerketa aurrera daramagun kideek. Hau aurrerako egingo den ikerketaren abiapuntua besterik ez da.

Sozializazioa haurtzaroan hasten den prozesua da. Prozesu aldakorra eta etengabekoa. Prozesu honi esker bizitza-ziklo batetik bestera egiten dugu jauzi, adin batetik bestera. Adinak bi irakurketa mota izan ditzake; batetik izate sozial gisa uler liteke, hau da status bat eta rol jakin batzuk ematen dizkio pertsonari, eta bestetik irudikapen kultural bat izan liteke banakoari balore, estereotipo eta esanahi zehatz batzuk ematen dizkiona. Bizitza-zikloen arabera sozializazio ereduak, espazioak, ezberdinak izaten dira. Gaztaroa aldaketa momentu garrantzitsua da gure gizartean, garai honetan haur izatetik heldu izateko pausoa ematen da, familiak lehen zuen pisua galtzen du eta lagun taldea da sozializaziorako gune garrantzitsuena, ``niri lagun taldeak konpainia, denbora pasa eskaintzen dizkit. Beraiekin nik nahi dudan gaiez hitz egin dezaket, nire aitarekin adibidez, ezin dut hitz egin gauza batzuetaz`` (18 urte, mutila). Heldutasunerako bidean ezinbestekotzat hartzen da igarobide errito batzuk pasatzea (lehen zigarroa, lehenengoz gauez tabernan sartzea, lehen sexu harremana…).
Lagun taldeen sorrera Aipatu berri dugun moduan lagun taldeak lehen mailako tokia hartzen du gaztaroan, hala ere 60-70 hamarkadak eta gaur eguna alderatzen baditugu berehala ohartzen gara lagun talde hauek sortzeko prozesuak oso ezberdinak direla. Auzoen garrantzia 60-70etan Hernanin auzoa zen lagunak egiteko gunea. Garai haietan auzoetan egiten zen eguneroko bizitza, honela auzoarekiko lokarriak estuagoak zirelarik. Auzoa zen pertsonei identitatea ematen zien ikurretako bat. Kontatu digutenez nahiko ohikoak ziren adibidez ``Kaxkoko`` koadrilen eta Portukoen arteko tira-birak. Auzoko koadriletan adin ezberdinetako jendea biltzen zen, normalean ez ziren neskak eta mutilak nahasten, ``igandea, jaieguna iristeko desiatzen egoten ginen, orduan bai auzoko jendearekin juntatzen ginen, adin ezberdinetakoak igoal zazpi eta, besteak hamalau. Jolasteko mutilak mutilekin eta neskak neskekin``. (Manuel). Auzoko lagunez gain, ikasketak jarraitzen zituztenek bazuten lagunak egiteko beste bide bat: Hernaniko gazte askok EPOn (gaur egun Hernani Institutua) ezagutu zuten elkar. Baserriko gazteentzat ``herrikoak`` ezagutzeko aukera bat zen, hala ere bazegoen burla egiten zienik, ``nire kasuan 13 urterekin hasi nintzen jada Hernanira jaisten, hor beti beste jende bat, kaleko jendea aurkitzen genuen. Eta sufritu ere bai, ``kaxeros`` deitzen ziguten burla bezala``. (Manuel). Nesken kasuan koadrilak txikiagoak ziren 2 edo 3 lagunetakoak, eta bikotekideak topatzen zituzten neurrian lagun taldeak desegin egiten ziren, nik ez neukan koadrila. ``Nik nuen lagun bat bakarrik, bizilaguna. Gero oso gazte hasi nintzenez Pakokin horrek asko mozten du, 15 urte egiteko nengoen. Igoal orain ibiltzen dira gehiago koadrilarekin, nahiz eta mutil batekin ibili, lehen ez``. (Lurdes). Egun ikastetxeak izaten dira lagunak egiteko lehen tokia. Hau dela eta normalean adin berekoak izaten dira. Bestalde neska eta mutilen arteko banaketa ez da lehen bezain zorrotza eta geroz eta ohikoagoa da koadrila mistoak ikustea. Bestalde interesak eta espazioak konpartitzen hasten diren neurrian jende berria batzen da lagun taldera, ``Hernani guztiko kuadrila daukagu, ez gara denak ikastetxe berekoak, gaur egun. Hasieran Langileko lagunak ibiltzen ginen, klaseko lagunekin bakarrik. Hasieran neskak eta mutilak, gero separatu ginen eta juntatu ginen beste gelako mutilekin, ikastola berekoak. Gero jende gehiago etortzen zen beste ikastoletakoa: Urumeakoak... Goizen ezagutu genuen elkar`` (18 urte, mutila).
Gazteak, lekuak eta denbora 60-70. hamarkadatik hona Hernani aldatu den modu berean aldatu dira gazteen jardunak elkarrekin daudenean. Agerikoa da gazteek betetzen dituzten lekuak eta orduak aldatu egin direla.
Azaldu digutenez orain 30 urte Hernanin Tilosetako dantzaldia zen bertako gazteen bizitza sozialaren erdigunea. Ostegun eta igande arratsaldetan izaten ziren dantzaldiak, arratsaldeko zazpietatik iluntzeko hamarrak ingurura arte. Dantzaldi horiek oso aproposak ziren ``gustukoarengana`` hurbiltzeko, ``Tilosetan ostegunetan beti eta gero igandetan egoten zen dantzaldia. Beti arratsaldean, eta igandean hamarrak arte ere, eta gero etxera. Musika denetatik egoten zen, baina batez ere parejan dantza egiteko. Dantza eskatzen zuen beti mutilak. Etortzen bazen ia hiru aldiz edo eskatzera interesa bazegoen seinale!. Batzuetan nahi zenuena ez zen etortzen eta etortzen zen nahi ez zenuena pelmada ematera``. (Lurdes). Tilosetako dantzaldiez gain gorputza mugitzeko beste aukera bat ematen zuten etxeetan antolatzen ziren ``guatekeek`` edo Oialume eta Txikierdi bezalako dantzalekuek, ``gu barrioko lagunak Txikierdira joaten ginen asko. Egoten zen giroa, gure giroa, baserritar giroa. Motoan edo Hernanitik Hondarribiarako autobusean joaten ginen, batzutan taxian ere bai. Igande arratsaldetan asko`` (Manuel). Igande goizetako mendiko txangoak eta arratsaldeko zinema saioak ere garrantzizkoak ziren. Aitor, Irazusta eta Zintzotasuna zinean hamaika filme ikusitakoak dira hernaniarrak, ``jende asko joaten zen zinera Marisol eta Rocio Durcal ikustera`` (Lurdes).
Sozializazio gune berriak Gaur egun, hein batean zerbitzu gizarteak bultzatuta, arratsaldetik gauera pasa da gazteen erreinua. Gauez bizitzeko modu jakin bat eraiki da kontsumoarekin zuzen lotuta dagoena, ``kontzertu bat baldin badago eta kanpoan bada joan aurretik litroak egiten ditugu. Hernanin gelditzen bagara bokadillo bat afaltzera joaten gara Tamerren edo Orbelen, eta gero poteoa egiten dugu`` (18 urte, mutila). Eredu honi eusteko gauaren inguruko diskurtso bat eratu da, gaua askatasunerako, transgresiorako, jairako, espazio mugagabe bat bezala agertzen duena, ``ohitura da gauean ateratzea, arratsaldetan adibidez 5etan ez dago ezer. Gaua beti gauza libreagoa bezala da`` (24 urte, mutila). Gaua espazio itxietan, tabernetan bizi da bereziki Hernanin. Tabernak egunerokotasunetik, ohikotasunetik, aldentzen du bezeroa. Argiak, keak, musikak beste espazio/denbora batera garraiatzen gaitu. Aipatutako ezaugarri hauek gazteak elkarrekin erlazionatzeko dituzten moduak baldintzatzen dituzte, ``dantzatzeko ohitura ez dago, zerbait dantzatzen dugu baino bakarka, tinbarekin ezin da a lo agarrau dantzatu. Gaur egun gazteen artean gaizki ligatzen da, gauetan ligatzen da musikarekin eta alkoholarekin`` (18 urte, mutila). Bukatzeko argi utzi nahi dugu gaua eta festa diren arren gazteak sozializatzeko gune nagusienak badirela beste bide batzuk ere, hala nola, kirola, zinea, internet… 30 urtetan gauzak izugarri aldatu dira, ``guatekeetatik`` litroetara, Tilosetatik tabernetara, arratsaldetik gauera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!