Txirrita kalean trafiko ordenamendua aldatuko dute

Kronika - Erredakzioa 2005ko api. 9a, 02:00

Hirigintza Batzordea bildu zen joan den ostegunean Udaletxean eta Txirrita kalean trafiko ordenamendua aldatzea onartu zuten. Orain Gobernu Batzarretik pasako da puntua eta gero 15 bat egun egongo dira alegazioak aurkezteko. Prozedimendu hau berria da eta Iñaki Arratibel Hirigintza zinegotziak Kronikari esan dionez, hemendik aurrera diktamen bidez onartuko dira trafiko ordenamendu aldaketak eta jendeak alegazioak aurkezteko aukera izango du. Erabaki hau hartzeko arrazoi nagusietakoa da, trafiko ordenamendu aldaketetan jendeak keja asko izaten dituela normalean, eta orain alegazioak aldez aurretik aurkezteko aukera izango da, Arratibelek Kronikari esan dionez. Proposatu den aldaketa da, Txirrita kalea karril bakarreko bide bihurtzea eta Zinkoeneatik Atsegindegira goazela ezker aldean aparkalekuak baterian jartzea. Eskubian, karga-deskarga eta normal aparkatzeko lekuak geldituko dira. Haurtzaindegia eta tranbia Gobernu Batzarrak erabakitako beste puntuetako bat Agustinetako obrei dagokiena da. Hotela egin beharrean 16 etxe egitea onartu zuen udalak eta Hirigintza Batzordeak erabaki du etxe horiei dagokien aprobetxamendua haurtzaindegia egiten aportatzea promotorak. Bi puntu hauez gain, Jaurlaritzak Donostiatik Martuteneraino egitekoa duten tranbia Hernaniraino ere ekartzeko eskatzea erabaki du Udalak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!