Harategietan euskera bultzatzeko kanpaina hasiko dute Buruntzaldeko Euskara Zerbitzuek

Kronika - Erredakzioa 2005eko apirilaren 8a

Harategietan kartelak jarriko dituzte, behi eta txerrien atalak euskeraz jarrita eta liburuxkak banatuko zaizkie bezeroei.

Eska Ezazu Haragia Euskaraz kanpaina jarriko dute martxan Hernani, Andoain, Lasarte, Urnieta, Astigarraga eta Usurbilgo Udaletako Euskara Zerbitzuek, apirilaren 15etik aurrera. Harategietan euskera bultzatzeko kanpaina da eta horretarako kartelak jarriko dituzte harategi guztietan, txekor eta txerriaren despiezeak euskaraz jartzen dituztenak.
Liburuxkak bezeroentzat Horrez gain, liburuxka batzuk banatuko zaizkie bezeroei, eta bertan txekor, txerri eta arkume despiezeak azaltzen dira euskeraz eta baita harategian erosi litezkeen produktuak euskeraz eskatzeko modua ere. Liburuxkan haragia erosi, mantendu eta preparatzeko gomendio batzuk ere ematen dituzte.
Arrakasta haundia Hernaniko, Urnietako eta Lasarteko Euskera Zinegotziek atzo prentsaurrean azaldu zutenez, Buruntzaldeko ia harategi guztiek hartuko dute parte kanpainan, 67k hain zuzen ere eta hauetatik 18 Hernaniko harategiak dira. Kanpaina hau ez da Buruntzaldeko Euskara Teknikariek asmatua, Txema Mercado Hernaniko Euskera zinegotziak nabarmendu zuenez ``baina, lan oso ona egin dute teknikariek, beste lekuetan ondo funtzionatzen duten egitasmoak hartu eta Buruntzaldera egokitzen``.
Jatetxe eta arrandegietan Kanpaina hau ez da Euskara Batzordeek egiten duten lehenengoa, eta gehiago egiteko asmoa ere badute, atzo prentsaurrean azaldu zutenez. Menuak euskeraz dituzten jatetxeen gida eta arrandegietan euskera bultzatzeko kanpaina eginak dituzte dagoeneko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!