Euskera Batzordea bildu zen asteartean Udaletxean eta hartu zuten erabakietako bat Hernanin euskera erabilera azterketa egitea izan zen. Normalean, 4 urtez behin egiten dira azterketak herriz herri, eta Soziolinguistika Klusterra izango da Hernaniko azterketa egingo duena.
2001ean bezalaxe, egiten duten azterketa orokorra baino zehatzagoa egitea eskatuko du Hernanik, adin tartea eta auzoak kontuan hartuko dituena, besteak beste. Azterketa maiatzean egingo da eta datuak iraila ingururako kalean izatea espero dute Euskara Batzordean.
Aurrekoa, 2001ean
Aurreko azterketa SEI Elkarteak egin zuen Hernanin, 2001ean, eta orduko datuen arabera Hernanin % 27,2k erabiltzen du euskera kalean. Ezagutu, berriz, %54,8k egiten du. Datu horren arabera euskera dakitenetatik erdiak hitz egiten zuen euskeraz orain lau urte, gutxi gora behera.
Adinari dagokionez, haurrak dira dudarik gabe euskera gehien hitz egiten dutenak: 2001eko datuetan %42,5ek euskeraz hitz egiten zuen kalean eta jakin %80 inguruk. Gazteak dira jakin eta gutxien hitz egiten zutenak: jakin %60 inguruk zekien, eta hitz egin %17 pasatxok. Helduen %24k hitz egin zuen eta adinekoen % 16k.
Auzoen artean aldea
Azterketa auzoz auzo egin zen 2001ean eta datuen arabera EreƱotzun hitz egiten da euskera gehiena kalean (%98 pasa) eta gutxiena Antziolaberrin eta Sagastialde-Florida-Etxeberrin (%9,9 eta %11,3).
Gorako tendentzia
2001eko azterketa auzoz auzo egin bazen ere, aurreko azterketak Kaxkoan bakarrik egin ziren, eta datu horiek daude konparatzeko moduan. Datuek diotenez, gero eta jende gehiagok erabiltzen du euskera Kaxkoan: 1989an, %21,3k hitz egiten zuen eta 2001ean %32 inguruk. Ikusiko da 2005eko datuek gorako tendentzia horri jarraitzen dioten.
2001eko datuak
Herritarren % 27,2k hitz egiten du euskera kalean.
Haurrak dira Euskera gehien hitz egiten dutenak, % 42,5.
Adinekoek hitz egiten dute gutxien, % 15,9.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!