Proposatutako dokumentua ordezkaritza duten udal talde guztien eztabaidaren ondorioa dela dio talde sozialistak.
Hernaniko Udal Talde Sozialistak, PSE-EEk, Arau Subsidiarioen inguruko bere balorazioa helarazi dio Hernaniko Kronikari. Alderdi Sozialistaren iritziz beharrezkoa zen berraztertzea antolaketa urbanistikorako dokumentu hau ``gaur egungoa, 1994tik indarrean zegoena, agortuta baitago``.
PSE-EEk dio, joan den martxoaren 10ean udalak onartu zuen behin behineko dokumentu hau izan dela ``udal ordezkaritza duten talde ezberdinen arteko eztabaida bizi eta eraikitzaile baten ondorioa`` eta sozialisten hitzetan, ``arauen berrazterketa zein modutan egiten ari den oso positiboki baloratzen dugu``. Udal talde honek gaineratu du, aurkeztu diren alegazioak Arau berrietan sartu eta gero Arau Subsidiario hauek ``hernaniarren gehiengoa`` ordezkatuko dutela.
Babes ofizialeko etxeak
Hernaniko PSE-EEko udal taldeak garrantzia eman nahi izan dio babes ofizialeko etxeen kopurua ``asko igoko`` dela, eta hori ``sozialisten proposamenei esker`` izango dela esan du. Igoera hau, batez ere urbanizatu daitezkeen lurretan emango da PSE-EEren iritziz: ``Portu-Karabel ingurukoa da adierazgarriena, hor eraikiko diren etxeen %65 babestuak izango dira eta``, diote.
Txillida-Leku museoa eta Zabalaga inguruneari buruz talde sozialistak esan du ``gure udalerrian turismoa eta kultura garatzeko giltza da eta gainera, natura eta paisaiarentzako balio garrantzitsua dauka``. Horregatik, sozialistek esan dute beraien ekarpenak bideratu dituztela ikerketa sakon bat egin dadin Galarretan: ``hirugarren sektoreko zerbitzu eta erabilerarako inguru bat sortzeko``, Zabalaga ingurunearen osagarri bezala.
Interes publiko eta
orokorraren alde
Talde sozialistak adierazi duenez, beraien proposamen guztietan ``interes publikoak eta orokorrak`` izan dituzte kontuan: ``partikularren eta pribatuen gainetik``. Horretaz gain kontuan izan dituzte: ``hiritar guztien bizitza kalitatea, alderdikeriaren eta espekulazioaren gainetik, eta hirigintzaren garapen jasangarri bat, baina jakingo duena etxebizitzan, zerbitzuetan, komunikabideetan eta ekipamenduan dagoen eskariari aurren egiten``.
Bukatzeko, Hernaniko Udal Talde Sozialistak esan du konpromisoa hartzen duela aurkeztuko diren alegazio guztiak aztertzeko, eta defendatzeko arrazoizkoak iruditzen zaizkionak: ``datozen lekutik datozela, beti ere bideratuko badira sortzera Hernani ireki, moderno eta ingurugiroan integratu bat. Azken finean hernaniar guztien mesedetako izango dena``, azpimarratu dute.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!