Hernani Berria txapelketako finalean da, lau kanporaketa pasa ondoren

Kronika - Erredakzioa 2005ko api. 6a, 02:00

Joan den asteburuan Lemoari irabazi zion uste baino errazago. Finala datorren larunbatean dute Hernanik eta Nafarroako Uharte talde gogorrak

Jakinekoa da Hernanikoa Euskal Herriko pelota talderik indartsuenetakoa dela eta aurtengo Berria txapelketan ere hori erakutsi du orain artekoan, dagoeneko lau kanporaketa pasa eta finalean baita. Joan den asteburuan finalaurrekoa jokatu zuten Lemoaren kontra eta hiru partiduak uste baino errazago irabazi zituzten Hernaniko pelotariek: Kadeteetan, Asier Lizarraldek jokatu zuen Ezeizaren ordez eta oso ondo bete zuten bere postua eta Izadi Grajalekin batean 22-12 irabazi zioten Lemoako bikoteari; jubeniletan, sorpresa eman zuten Gorrotxategi eta Ezeizak eta uste baino errazago irabazi zioten Lemoako bikoteari, 22-10. 22 tantoren aldearekin zereginik ez zuen Lemoak ordurako eta afizionatuetan, ez zuten beren maila eman Lemoako jokalariek eta Mendizabal-Alvarezek 22-15 irabazi zuten. Finala oso zail Hernaniko taldeak nahiko erraz gainditu ditu Bergara, Altsasuko Pilota Jauku, Añorga eta Lemoa, eta jokatutako 12 partiduetatik bakarra galduta pasa dira finalera. Finala irabaztea, ordea, izugarri zail ikusten du Rufino Rekalde Hernaniko delegatuak: ``Kadeteetan izugarrizko bikotea dauka Uhartek, seguru asko Euskal Herriko onena. Partidu hori erabakigarria izango da eta Hernanik eusten asmatzen badu izango ditugu aukera batzuk. Jubeniletan berdinduagoa egongo da eta nagusietan guk irabaziko dugu ondo izatera. Uhartek kristoren taldea dauka eta ia milagro bat izango da finala irabaztea``. Finala irabazi edo galdu Hernani gustora egoteko moduan da lortutakoarekin eta taldeko arduradunak ere gustora daude iaz lehenengo 4etan eta aurten finalean sartuta. Ia datorren larunbatean oraindik gustorago egoteko motiboak badituzten.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!