Osasungintzan Euskaraz egiteko deia Hizkuntz Eskubideen Egunaren atarian

Kronika - Erredakzioa 2005ko api. 5a, 02:00

Aste osoan zehar ekitaldiak antolatu ditu EHEk Hernanin

EHEk Osasungintzan euskerak duen egoera salatzeko paperak banatu zituen atzo Anbulatorioan, Hizkuntz Eskubideen Egunaren bueltan antolatutako ekitaldien barruan. EHEk dio herritarren 400 kexa jaso dituztela, baina, eskari horiek bere horretan jarraitzen dutela. EHEren hitzetan ``hainbeste eskari eta gero, Osakidetzako langilegoaren % 14,83 soilik euskaldundu eta datozen bost urteetan Donostiako ospitalean, orotara, langileen % 25ak zerbitzu elebiduna ematea bezalako neurri kaxkarrak`` jarri ditu indarrean Osakidetzak eta ez du arazoaren muinera jotzen. Hernaniko kasua ere kezkagarria dela diote, ``harrerako langileak euskalduntzeko konpromisoa hartu badute ere, zailena egiteke geratzen baita``, medikuak euskalduntzeko neurri nahikorik hartzen ez dela iritzita. Ekitaldiak aste osoan Aste osoan zeharrerako zenbait ekitaldi antolatu ditu EHEk. Atzotik igandera Goiz Argi eta Zumitza tabernetan Hizkuntz Eskubideen inguruko erakusketa egongo da eta Molotoff irratian elkarrizketak botatzekoak dituzte gaiaren inguruan. Bihar, kontzertua dago Biterin Oreka Tx eta Morau taldeekin, eta ostiralean bertso poteoa eta afaria daude. Igandean, berriz, Hizkuntz Eskubideen Eguna da Oiartzunen eta EHEk autobusak jarriko ditu Hernanitik. Autobus Txartelak 6 eurotan daude eta bazkaritarakoak 12 eurotan, osteguna bitartean, Txili, Zumitza eta Garin tabernetan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!