Minbizia eta lana

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 24a, 02:00

Laneko minbizia Laneko Gaitzen Zerrendan egon ez ezik, zabaldu ere egin dute. Enpresek eta Prebentzio Zerbitzuek, ordea, ez dute horren inguruko kezkarik. Osakidetzak herritarrek dituzten ohitura osasungaitzei leporatzen die epidemia -`zenbat erretzen duzu, zenbat alkohol edaten?`-. Ahaztu egiten dute, baina, `non, nola eta zerekin lan egiten duzu?` galdetzea. Laneko minbiziak jota hil diren langileei buruzko datuak ezberdinak dira. Lanaren Nazioarteko Erakundeak ziurtatzen duenez, urtero 600.000 langile hiltzen dira munduan, eta laukoiztu edo boskoiztu egiten dira lan istripuen ondorioz gertatutako heriotzak, berez onartezinak. Bilbon egoitza duen Europako Segurtasun eta Osasunerako Agentziak dioenez: `urtero 8.900 heriotza eragiten dute lan istripuek Europan, eta 31.000 eta 56.000 arteko heriotza substantzia arriskutsuak erabiltzearen ondorio dira, horietatik 21.000 amiantoaren eraginez.` Lan Ministeritzaren estatistikak, Eusko Jaurlaritzarenak bestelakoak dira: `Ez dago laneko gaixotasunek eragindako heriotzarik, gihar-hezurretako lesio arinak eta hipoakusiak besterik ez`. Horrela, enpresetan prebentzioaren kultura eta ekintza eskasa izatea eragiten dute. Euskadiko CCOO ahalegin sindikala egiten ari da lanean substantzia kantzerigenoen eraginpean egoteagatik sortutako gaitz eta heriotza ugari ikusarazteko eta aitortzeko. CCOOk amiantoaren biktimak aitortzeko borroka egiten duenean ez du `kontu zaharren aldeko borroka egiten`, enpresa-zuzendari batek zioen moduan. Lanean kantzerigenoen erabilpenak gora egiten du etengabe, substantzia kimikoak sartzen dira horien arriskuak ezagutu gabe, kantzerigenoekin lan egiten da horiei buruzko informaziorik gabe (asfaltoa, klorurodun disolbatzaileak, silize kristalinoa, zur hautsa, artsenikoa, formaldehidoa, beruna, desinfektatzaileak, olio mineralak,...), eta ez da prebentzio egokirik egiten. Horrela bada, `erailketa atzeratua` onartzen da (hamarkadak igaro daitezke gaitza nabarmendu arte). Onartezina da enpresa gehienek substantzia arriskutsuen inguruko informazioa eta prebentzioa saihestea, nahikoa baita apur bat arnastu edo horren eraginpean egotea gaitza garatu eta heriotza goiztiarra ekartzeko. Mutuek edo Osakidetzak minbiziaren jatorri profesionala aitortuko dutela pentsatzea amets hutsa eta etsigarria da. Langileek informazioa exijitu behar dute, erabilitako produktuen etiketak kontrolatu, substantzia arriskutsuenak ordezkatzeko eskatu, eta gaitz baten jatorria lanean dagoen susmoa dutenean sindikatuari jakinarazi, minbiziaren zergatiak aztertu behar ditu. Horregatik, apirilaren 28aren aurreko egunetan, CCOOk bultzada berria emango dio laneko minbizia aitortzearen aldeko lanari. Sindikatuen zatiketa ez dago justifikatzerik. Elkarrekin jarduteko borondaterik ez badago, `gehiengo sindikala` animatu nahi dut benetako ekintzak burutu ditzan, errealitatea aldatzen duten laneko gaitzak ikusarazteko. Horrela, prebentzioaren kulturan irabaziko genuke, eta laneko gaixotasun eta heriotzak saihestu. Ahaleginak merezi du, animo. Jesús Uzkudun CCOOko Laneko Osasuneko arduraduna
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!