Skate parke berria orain dela gutxi instalatu dute, gazte talde batek firmak bildu eta Udalari eskaria egin eta gero. Talde honek lanean jarraitzeko asmoa duela iragarri du.
SKATE parke berria dagoeneko martxan dago. Azken asteetan pistarako piezak ekarri eta orain dela gutxi bukatu dituzte instalazio lanak. Skate parkea gazte talde batek eskaera egin eta gero jarri dute.
Hernaniko Kronikari skate-roller taldeak adierazi dionez bidea ez da xamurra izan: lehenik ideia sortu zen eta gero kale hezitzaileek lagunduta eskaera egin zuten Udalean. Bertatik, sinadurak bildu behar zituztela adierazi zieten eta lanean jarri ziren beharrezkoak ziren 1.200 sinadurak biltzeko (azkenean 1.365 bildu zituzten). Horren ostean, enpresa batekin harremanetan jarri ziren proiektua gauzatzeko (moduloak nola jarri, lekuaren arabera moldatu...).
Patinatzeko material ona
Skate parkearen proiektua Zerbitzu Publikoetako udal sailarekin adostu behar izan zen, presupuestoaren arabera. Udalaren asmoa zen skate parkea Latxunbe inguruan jartzea, baina azkenean Pana parkean jarri dute, bertan leku gehiago dagoelako eta zaratak ez duelako hainbeste eragiten. Lehenago bazegoen beste pista bat leku horretan, baina hondatuta zegoen eta hormigoizkoa zen. Oraingo pista hiru modulok osatzen dute eta material hobeagoz egina omen dago, gehiago irauten du eta ez da hain gogorra.
Skate-roller taldeko kideek esan dute orokorrean gustora daudela, baina keja dira pista zikina dagoelako, instalatzeko garaian atera den hautsarekin. Gainera, beraien proiektuan beste modulo bat zegoela adierazi dute: ``trukoak ikasten joateko kaja luze bat zen, eskaloien antzerakoa, baina azkenean hori ez dute jarri`` diote, eta gauean argi gutxi dagoela ere esan dute talde honetatik . Dena den, Udaletik skate-roller taldeari adierazi diete hurrengo urtean eskaera gehiago egiteko aukera izango dutela.
Inaugurazio ofiziala eta
txapelketa
Skate parkea irekita dago eta dagoeneko jende mordoa ibiltzen da bertan, baina skate-roller taldeak inaugurazio ofiziala eman nahi dio eta ekitaldia prestatu du kale hezitzaileen laguntzarekin. Horretarako, datorren larunbatean, hilak 9, skate-roller txapelketa bat antolatu dute. Bertan nahi duenak parte hartu ahal izango du eta izen ematea arratsaldeko 16:00etan izango da.
Txapelketari 17:00etan emango zaio hasiera: partaide bakoitzak hiru minutu izango ditu skate pistan ibiltzeko eta epaimahaiak ibili horri puntuazio bat emango dio. Irabazleek saria jasoko dute (skate-roller denda batean materiala erosteko bale bat). Txapelketan zehar musika jarriko dute eta skate-roller taldeak eta kale hezitzaileek orain arte egindako lanaren balorazioa egingo dute. Bertan, aurrera begira dituzten asmoak ere azalduko dituzte jendaurrean.
Web orria diseinatzen
Skate parkearen sustatzaileek Hernaniko Kronikari jakinarazi diotenez, web orri bat diseinatzen ari dira. Bertan jarri nahi dituzte Euskal Herrian dauden skate parke ezberdinen datuak eta argazkiak: ``orain ez dago horrelakorik interneten eta nahi duguna da zaletuek jakitea non dauden pista horiek eta nola iritsi daitezkeen bertara`` diote.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!