Ordenantzak ``oso harrera ona`` izan duela azpimarratu du Udalak eta aurkeztu diren alegazioak ``arreta haundiz irakurriko`` dituela ere bai.
Lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza dela eta, Bildu Hernanik Udalari egin dizkion kritikei erantzun die Iñaki Arratibelek, Hirigintza Zinegotziak. Zinegotziak Hernaniko Kronikari pasatako prentsa ohar batean dio ordenantzak ``oso harrera ona`` izan duela Hernanin eta hiritar askok beren babesa eman diela: ``ekimen honen helburu baitira etxebizitzen prezioak merketzea eta abandonatuta dauden lokalek eragiten duten degradazioa desagerraraztea``.
Tramitazioa ``korapilatu``
Bildu Hernanik aurkeztutako alegazioen inguruan, Iñaki Arratibelen hitzetan ``aurkeztutako alegazioak, Bildu Hernanirena barne, oso interesgarriak direla deritzogu eta ordenantza aberasteko arreta handiz irakurriko eta aztertuko ditugu``.
Dena den, Udala ez dago ados Bildu Hernanik lokalen ordenantza berriaren aurrean agertu duen jarrerarekin, bere ustez, ordenantzaren tramitazioa ``korapilatu`` nahi baitu BHk eta honek ordenantzaren behin betiko onespena atzeratu egingo luke ``hiritar askok denbora gehiago itxaron beharko dute hainbeste behar duten etxebizitza lortzeko``.
‘Per sekula sekulorum’
Hirigintza sailetik pasatako oharrean adierazten da BHk eta beste alderdi batzuek aurkeztutako zenbait ideia erantsiko zaizkiola lokalen ordenantzari ``gure proposamena hobetu daitekeela ez dugu dudarik`` dio Arratibelek, baina modu berean azaltzen du ``ez dugu onartuko per sekula sekulorum atzeratzea begibistakoa den arazo larri baten konponketa``.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!