Denboraldiak uztailaren 31 arte iraungo du. Urumean 200 kilo amurrai askatu dituzte Zikuñagatik behera, lehengo urteko isurketa batek zonalde guztia ``erre`` zuelako.
GAURTIK aurrera eta uztailaren 31 arte, Gipuzkoa parteko Urumean arrantza egin daiteke. Diputazioak orain hilabete onartu zuen arrantza egiteko Agindua eta Aldizkari Ofizialean kaleratu dute. Bertan ibai eta urtegiko arrantzari buruzko araudia azaltzen da.
Arrantza egunero,
asteartetan izan ezik
Araudi honen arabera, egunero egin daiteke arrantza, astearteetan izan ezik. Dena den, asteartean jai eguna tokatzen bada, arrantza egitea ez da debekatuko egun horretan. Orduari buruz, araudiak dio egunsentia baina ordubete lehenago hasi daitekeela arrantza egiten, ilunabarra baino ordubete beranduago arte.
Arrantzale bakoitzak sei arrai harrapatu ditzake espezie bakoitzeko (amurraia, perka, barboa, platusa, aingira...). Amurraiari dagokionez, Urumean harrapatutakoek 22 zm izan beharko dituzte gutxienez.
Arrantza tarteak Urumean
Arrantza egiteko tarte ezberdinak arautzen dira Diputazioko Agindu honetan. Urumean hil gabeko arrantza tartea izango da: Lastaolako industrialdera doan zubitik Loidiko zubiraino. Urumeako zenbait zatitan debekatua dago arrantza egitea, baita Latxe eta Urruzuno errekatan ere.
Amurraiak askatu zituzten ostiralean
Joan den ostiralean, amurraiak askatzen aritu ziren Urumea ibaian Gipuzkoako Federazioko eta Txantxangorri Elkarteko kideak, Diputazioko errio-guardak lagunduta. Txantxangorritik Hernaniko Kronikari adierazi diotenez, lehengo urteko abenduan izandako isurketak ``Zikuñagatik beherako tarte guztia erre egin zuen eta bertan ez dago amurrairik``, diote. Leitzako arrai-haztegitik ekarritako 200 kilo amurrai askatu zituzten Zikuñagatik Ibaiondo poligonoko zubi tartean. Urteak dira amurraiak askatu beharrik ez zegoela, txapelketak egiteko askatzen dituztenak kenduta.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!