Urumea gurutzatuko duen biaduktoa abuzturako bukatuta egongo da

Kronika - Erredakzioa 2005eko martxoaren 31

Teknika berezi baten bidez jartzen ari dira 300 metroko biaduktoa. Atzo bukatu zuten operazioaren zati zailenarekin eta espero da abuzturako bukatuta egotea biadukto guztia.

URUMEAKO autobia eraikitzeko lanak aurrera jarraitzen dute. Momentu honetan Hernanitik Martutenera dijoan tramoa egiten ari dira eta Urumea ibaia gurutzatuko duen zubibidea jartzeko obretan ari dira azken hilabeteetan. Atzo zubibidearen zati haundiena jarri zuten, erreka eta trenbidea gainetik gurutzatzen dituena. Biaduktoak 300 metro inguru izango ditu eta atzo jarri zuten zatiak 80 metro dauzka, 50 Urumea ibaia gurutzatzeko eta beste 30 trenbide gainetik pasatzeko. Biaduktoak bi egitura ditu, norabide bakoitzeko bana eta kajoi itxurako plataforma luze batek osatzen du. Plataforma azpian zubibidearen baoak edo begiak joango dira, 8 norabide batean eta 9 bestean. ``Bultzada sistema`` teknika berezia Hernaniko zubibidea teknika berezi bat erabilita jartzen ari dira ``bultzada sistema`` izenekoa. Lehenengo aldia da Gipuzkoan sistema hau erabiltzen dela: plataformaren piezak lurrean soldatuko dira eta plataforma alde batetik bultza eginez jarriko dute alturan. Diputaziotik adierazi dutenez abantaila garrantzitsu bat du erabiltzen ari diren teknika honek: biaduktoa egiteko garaian inguruko lurrek kalte gutxiago jasango omen dute, bertan ez baita enkofraturik edo plataforma eta gruentzako sarrerarik ireki behar. Gainera, plataforma osatzen duten piezak lurrean soldatzen dira eta horrekin ``bukaeran kalitate hobea bermatzen da`` esan dute Diputaziotik. Biaduktoa eraikitzeko operazioa bost ``bultzadatan`` egiten ari dira, atzokoa laugarrena izan zen eta biadukto guztia abuztuan bukatuta egotea espero du Diputazioak. 2006 bukaeran tramoa bukatuta Urumeako autobia hainbat fasetan egiten ari dira: Hernanitik Martutenera dijoana da haundiena eta 4 kilometro luze ditu. Guztira tramo honek 61 milioi euroko kostua du eta 2006ko bukaerarako amaitu nahi dute. Horretaz gain, Hernani inguratzen duen barianteari bi karril gehiago erantsi beharko zaizkio (orain bi karril ditu) eta obra hau ere 2006 urte bukaeran egina egotea proiektatu dute. yy
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!