Alkate jauna

Kronika - Erredakzioa 2005ko mar. 30a, 02:00

Enrike Larrarte Arregi

Hernaniko Kronikan eta sail honetan, martxoaren 16an, zure idazki batekin topo egin nuen, eta bitxia egin zitzaidan, azpian, ``Erredakzioan euskaratua`` jartzen zuela ikustea. Ez goaz ondo, pentsatu nuen, alkateak gazteleraz igorri du bere idazkia. Nora? eta, jende xeheak euskaraz irakurtzeko ohitura har dezan idazten diren orri hauetara. Segituan etorri zitzaizkidan burura, hamabi egun lehenago Berrian, Eusko Legebiltzarreko Itzulpen Zerbitzuko buruak esaten zituenak: ``Legebiltza-rrean, (euskararen) ahozko erabilerari bagagozkio, lehenago oso handia ez izateaz gainera jaitsi egin da azkeneko bi urteetan (osoko bilkuren datuak: 2001, %18; 2002, %14; 2003, %9; 2004, %10)``. ``Badirudi halako erlaxazio bat gertatu dela euskararekin, planteamendu batzuen ahultasuna edo inkoherentzia agerian utziz``. ``Alabaina, idatzizko erabilera izan ohi da hizkuntza ororentzat kotoiaren froga, hor islatzen baita hizkuntzari ematen zaion balioa eta maila. Arlo honetan bi jarrera daude legebiltzarkideen artean: a) jarrera euskaltzalea: orotariko idazkiak euskara hutsean aurkeztea (Batasuna); b) bazterketa: idazki guztiak gaztelania hutsean egitea (gainerako alderdiak)``. Aurreko egunean, bestalde, orri hauetan bertan, Txillardegi soziolinguistak argi esaten zigun ikastolek eta euskaltegiek lan asko egiten dutela euskararengatik, baina ez dela nahikoa. Katalunian denek hitz egiten omen dute katalanez, baita PPkoek ere, eta euskara Euskal Herrian ibiltzeko ``beharrezko hizkuntza`` bihurtzen denean salbatuko omen da... bestela jai omen dugu. Ez dirudi ongi goazenik. Euskarak ``beharrezko hizkuntza`` izan behar badu gutariko bakoitzak zerbait gehixeago egin beharko du. Baina ez ditugu denok ahalmen eta erantzukizun berberak. Hainbat gaietan ikasia zen Koldo Elizalde gasteiztarra euskararen berreskurapenerako metodologiaz mintzatu zen 1918an Oñatin. Eta hemen, nahiz eta elkar osagarriak izan, bi alderdi bereizi zituen: soziala eta literarioa. Euskararen arazoa alderdi sozialetik begiratuta, uste du hondamendia etorri zaion leku beretik datorkiokeela berreskurapena ere. Nondik? Gizartean eragin gehien dutenengandik. Euskarari prestigioa, balioa eta maila eman diezaioketenek izan behar omen dute eredu euskararen berreskurapenean. Herri batean nor da gaur egun, alkatea ez bada, euskarari prestigio eman diezaiokeena? Kotoiaren froga pasatzen al dugu? Ala itzultzaileen eta agintetik kanpoko militanteen kontua bihurtu nahi al dugu euskara? Non dago euskararen aldeko borondate irmoa? Oker banago zuzenduko nauzulakoan, agur
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!