Espekulazioa bultzatu dezakeela diote eta azaldu dute azken aste hauetan lokalak erosi direla lehen baino askoz ere garestiago.
Bildu Hernanik mozioa sartu du Udaletxean duela gutxi onartu zen lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzaren kontra. BHk azaldu du bere herri programan aurrikusita zuela lokal komertzialak etxebizitza bihurtzeko ordenantza, baina diote, horrelako ordenantza batek ``baldintza eta helburu argi batzuk`` izan behar dituela. Azaldu dutenez, auzoetan lokalen prezioak asko igo dira azken asteetan.
Diotenez Udaletxean onartutako ordenantza hau ``baldintza hauetatik urrun dago eta akats eta hutsune haundiak ditu``. Azaldu dutenez arazo horiek konpontzeko eta ordenantza hobeagoa lotzeko asmoarekin aurkeztu dituzte alegazio horiek.
Baldintzak eta helburuak
BHk dio ``ordenantza hau baliabide gutxien dituzten herritarren beharrei erantzuteko`` egina egon behar lukeela eta bestetik diote, ``hainbat enpresa edo partikularrek izan zezaketen asmo espekulatiboak saihesteko neurri zorrotzak jarri`` behar direla. Azaldu dute ``herriaren ordenamendu urbanistiko egoki`` bati erantzun behar diola ordenantza honek eta egokituko diren lokal komertzialetatik sortuko diren etxebizitzak bizitzeko oinarrizko baldintzak izan behar dituztela.
BHren eskaria
BHk eskatzen du ordenantza honen hasierako onarpena atzera botatzea, ``hirigintza araudiaren kontrakoa delako``. Bestetik eskatzen dute Arau Subsidiarioen aldaketa espediente bat egitea, ordenantzari beharrezko babes legala emateko. Eta espediente horrekin batera BHk aurkeztutako alegazioak kontutan izango dituen ordenantza berria idaztea.
Ondorio nagusiak
BHk dio ordenantza honetan bakarrik ``lur urbano erresidentzial kontsolidatuetan kokaturik dauden lokalentzako`` izan behar duela aplikagarria eta erabilgarriak liratekeen eraikin guztien zerrenda zehaztua egon behar lukeela. Horrekin batera diote sortuko liratekeen etxebizitza berri guztiak derrigorrez Eusko Jaurlaritzaren Babes Ofizialeko Etxebizitzen Araubide Orokorrekoak izatea exijitu beharko lukeela ordenantza honek, ``gehienezko prezioa erregimen horrek jarritakoa izateko`` azaldu dute. Beste puntu batean BHk proposatzen du ordenantza hau gehienez 3 urtetan indarrean egotea, ``etxebizitzaren inguruan eman daitezkeen zirkustantziak eta esperientziak ematen dituen emaitzak aztertu eta aldaketak egiteko`` diote.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!